Ziortzak 40 urte

Erakusketa ireki eta lehen tailerrekin urtemugako ospakizunei ekin die Ziortzak

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 23a, 18:11

40. urtemuga ospatzen hasia da Ziortza Gazte Elkartea gazteekin Potxoenean eta baita Sutegin ireki berri duten erakusketarekin.

Ziortza 40. urtemuga ospakizun betean da jada. Potxoeneko gela eta aretoetan daude ostiral arratsalde honetan, LH5-DBH4 bitarteko hainbat gazte. Sorkuntza tailer ezberdinetan parte hartzen ari dira, herrian alor horretan dihardutenen bidelaguntzarekin. Eitikoekin belarritako eta osagarriak lantzen ari dira, Oier Agirresaroberekin magia munduan trebatzen dabiltza, Pello Ibargoyenekin globoflexian aritzekoak dira edota Olatz Zabaletarekin amigurumiak sortu asmo dituzte.

Bitartean, Ziortza sakonago ezagutu nahi duenak, lau hamarkada hauetako ibilbidea iruditan jasotzen duen Sutegiko erakusketara jo dezake. Zabalik da jada ostiral arratsalde honetan. Larunbat goiz eta eguerdi partean ere irekiko dute. Gazte elkartearen historia biltzen duen argazki eta bideo erakusketa duzue ikusgai kultur-etxeko erakustaretoan. Interaktiboa da. Izan ere, baditu hainbat txoko zuen parte hartzea erakar dezaketenak.

Ziortzaren 40. urtemuga jaialdi egun nagusia biharkoa izango da. Hemen duzue, iragarri dituzten ekitaldien berri:

Ziortzak 40 urte
Maiatzak 23, ostirala
17:00
Tailerrak LH5-DBH4 bitarteko gazteentzat: Eiti, Oier Agirresarobe, Olatz Zabaleta eta Pello Ibargoyen.

Maiatzak 24, larunbata
10:00
Esnadeia.
10:30 Txupinazoa eta txokolatada Mikel Laboa plazan.
Ondoren, Strong Zumba saioa.
11:30 Gazteen erronka erraldoia.
12:00 Eskulan tailerrak haurrentzat Dema plazan.
14:30 Herri bazkaria Mikel Laboa plazan.
17:30 Ondoezik elektrotxaranga. Haien eskutik, entzungo dugu baita, Ziortzaren 40. urtemugako abestia.

Horrez gain:
-Maiatzak 23 (17:00-19:30) eta maiatzak 24 (10:30-14:30): argazki erakusketa interaktiboa Sutegin.
-40. urtemugako produktuak salgai larunbatean Sutegi atarian.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.