Garaipenarekin ekin dio Usurbil K.E.-k, lehen nazional mailara igotzeko txapelketari

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 24a, 09:40

Asteburu honetako txapelketa jokatzeko, Usurbil K.E.-koak apirilaren 13an Basaurin sailkatu ziren unea.

Lehen nazional mailara igotzeko Usurbil K.E.-ko senior mutilak asteburu honetan Colindresen (Kantabria) jokatzen ari diren txapelketako lehen jardunaldia irabazi dute bart. Larunbat honetan izango dute bigarren partida. 

39-29. Hortxe, asteburu honetan Colindresen (Kantabria) jokoan den lehen nazional mailara igotzeko txapelketako usurbildarren lehen jardunaldiko emaitza. Usurbil K.E.-ko senior mutilek garaipenarekin ekin diote fase honi, bart Dominicos taldearekin izandako neurketa irabazi ostean.

Handik NOAUA!ri helarazitako kontakizunean nabarmendu dutenez, abiatze zirraragarria izan du txapelketa honek. "Bi taldeak lehian nagusitzen ahalegindu dira. Taktika estrategiez jositako duelua izatea aurreikusia zegoen".

Neurketaren lehen zatian, aurkariak erasoaldian aritu ziren nabarmen. Lehen bi golak aurkariek egin ostean, "Aimar Vazquez Saizarrek bi gol egin zituen lehen hiru minutuetan".

Lehen zatian, aurrerago, kanporatzeak izan ziren bi taldeetan. Dominicos taldeak egoera baliatu zuen puntu gehiago eskuratzeko. "Halere, usurbildarrek errekuperatzeko gaitasun handia erakutsi zuten, aurkariei aurre egiteko Manex Irazabal Esnaola eta Iker Nazabal Aisa buru zuen taldeari esker". Tarte horretan, gainera, Aimar Vazquez sendo agertu zen baita, usurbildarren aldeko puntu gehiago eskuratzeko ahalegin horretan. Lehen zatia amaitu zeneko emaitza, 19-13 izan zen.

Aurkariek ezin usurbildarrekin
Bigarren zatia hasi eta berehala lehen gol azkarra egin zuen Oier Eleta Biainek. Kanporatze gehiago izan ziren. Defentsa itxiek ere segida izan zuten eta hor zailtasunak izan zituzten nagusitasunari eusteko. Dominicos taldea ahalegindu arren, Colindresetik azaldu dutenez, ezin izan zioten aurre egin usurbildarrei. "Iker Nazabal bezalako jokalariak une gakoetan nabarmendu ziren" eta puntuak eskuratzen segi zuten Usurbil K.E.-koek.

Neurketa amaierara heltzen joan ahala, Dominicos taldea markagailuan gerturatzen joan zitzaien usurbildarrei baina Usurbil K.E.-koek "eraginkortasunez kontrolatuak zituzten haien jokaldiak".

Azken emaitza kontuan izanda, lehen neurketak taldearengan izandako eragina ezinhobea da.

Larunbat honetan izango dute usurbildarrek bigarren neurketa, arratsaldeko 20:00etan. Atzokoa bezala, partida hau ere segidan duzuen bideoan klikatuta zuzenean ikusi ahalko duzue.

Taldeok izango dituzte aurkari usurbildarrek Colindresen:
-Maiatzak 23, 21:00 Saizar Usurbil K.E. 39-29 Dominicos.
-Maiatzak 24, 20:00 BM. Maravillas Benalmadena.
-Maiatzak 25, 13:00 Hercor Motor BM. Colindres.