Ziortzak 40 urte

"Ziortzak eta herriak elkarrekin eraikitako guztia ospatzeko eguna"

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 24a, 13:15

Lau hamarkadako ibilbide oparoari gorazarre egin eta behar bezalako aitortza egiteko jaialdia antolatu dute larunbat honetarako, maiatzaren 24rako. Merezi bezalako hasiera ekitaldi ofiziala izan du 40 urte betetako Ziortza Gazte Elkarteak. 

"Iritsi da hainbeste itxarondako eguna", adierazi dute Ziortzako kideek goizean, Mikel Laboa plazan eginiko hasiera ekitaldian. Berrogeigarren urtemuga festa, "Ziortzak eta herriak elkarrekin eraikitako guztia ospatzeko eguna" dela nabarmendu nahi izan dute.

Hainbeste itxarondako une hau, "ilusio handiz eta gogotsu" aritu direla prestatzen. Elkargunea izatea nahi zuten egun hau. "Harrotasunez esan dezakegu, Usurbilgo haur, nerabe, gazte, heldu eta herritar oro batuko duen jaia antolatu dugula. Beraz, animatu zaitezte parte hartzera!", deitu dute goizean goizetik.

Elkar zaintzarako deia
Ondo pasatzeko mezua helarazi dute, baina pasa gabe noski. Elkar zaintzarako deia egin dute. "Azpimarratu nahi dugu gaurko eguna denok ondo pasatzeko eguna dela, eta ez dela inongo errespetu faltarik onartuko, berdintasuna eta laguntasuna bermatzen duen aisialdi baten alde egiten baitugu eta gaur ez da ezberdina izango. Beraz, eguna ospatu dezagun, elkar zainduz!".

Eskerrak helarazi nahi izan dizkiete atzotik hasita antolaturiko ekimenetan bidelagun izan dituztenei. Izan ere, goizean herria esnatzen aritutako trikitilariez gain, ostiral arratsaldean Potxoenean hainbat sorkuntza tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten Ziortzako gazteek, alor horretan eragiten diharduten herritarren eskutik. "Usurbilgo bost sortzaileren eskutik, tailer anitzak jasotzeko aukera izan genuen. Eskerrik asko, oier, Olatz, Eider, Irati eta Peio zuen eskuzabaltasunagatik eta zuen artea herrian partekatzeagatik. Sekulakoa izan zen zuen eskutik, horrenbeste ikastea", txalotu dute. 

Jaialdi egun hau, "dantzatzeko, abesteko, jolasteko, ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko eguna izatea" nahi dute, baita "40 urte luze hauetan bizitakoa oroitzeko, une berriak sortzeko eta etorkizuna begiratzeko eguna"  ere.

Txupinazoa jaurtitzearekin batera hasi dute egun osoko festa Mikel Laboa plazan.