Ziortzak 40 urte

Harrera beroa egin diote Ondoezik taldekoen estreinako kontzertuari

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 24a, 20:50

Ziortza Gazte Elkartekoen 40. urtemuga festa dantza batean borobildu dute, Ondoezik elektrotxaranga talde berrikoen eskutik.

Mikel Laboa plazan eskaini dute talde berri gisa estreinako kontzertua, baina ez da jendaurrean aritutako haien lehen aldia. Izan ere, Usurbilgo jaietako Bertsio Gauean aritu ziren iaz. Haren ostean eginiko ibilbidean gurutzatu da baita gaurko Ziortza Gazte Elkartearen 40. urtemuga jaialdia eta hitzordu honetarako sortu beharreko kanta.

Gauza bat eta beste, Ondoezik taldea osatu, urteurreneko festa honen soinu-banda sortu eta jendaurrean lehen kontzertua ere egun seinalatu honetan eskaini dute. Haiek ere Ziortzako komunitateko kide baitira, gazte gisa parte hartutakoak, azkenaldian laguntzaile izan eta aurten, udako kanpaldira begirale gisa joateko asmotan direnak estreinakoz.

Beraz, ondo baino hobeto ezagutzen dute zer den Ziortza gaur kontzertua eskaini duen Usurbilgo gazte taldeak. Euskal kantu ezagunen eta dantzagarrienei errepaso ederra eman diete. Aipatzekoak, Ziortzari eskainitako abestiaz gain, Usurbilekin estuki lotutako beste bi kantei ere lekua egin dietela haien estreinako jendaurreko saioan; Usurbilgo ereserkia jo dute batetik, bertsiorik dantzagarrienean, baita erraustegiaren aurka 2011ko Zubietako flashmob historiko hartarako sortu zen abestia ere entzungai jarri digute. Eta batekin zein bestearekin gogotik egin dute dantza Mikel Laboa plazan bildutakoek.

Harrera beroa eta txalotua egin diote zuten onena emandako taldeari.