Bigarren neurketan ere nagusituta, gaurkoa irabazi beharreko partida Usurbil K.E.-koentzat

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 24a, 10:20

Argazkia: Usurbil K.E.

Lehen nazional mailara igotzeko Usurbil K.E.-ko senior mutilak asteburuan Kantabrian jokatzen ari diren txapelketako bigarren partida ere irabazi egin dute. Igande honetakoa, maiatzaren 25ekoa izango dute hirugarren eta azken neurketa. Hau irabazten duenak eskuratuko du maila igoera.

35-29 azken emaitza. Usurbil K.E.-ko senior mutilak asteburu honetan Colindresen (Kantabria) jokatzen ari diren lehen nazional mailara igotzeko txapelketako lehen neurketa bezalaxe (Dominicos taldekoen aurka 39-29 irabazi zuten ostiralean), Maravillas Benalmadenaren aurka larunbat iluntze honetakoa ere irabazi egin dute.

Hirugarren eta azken partida jokatuko dute igande honetan, maiatzaren 25ean. Hau irabazten duenak lehen nazional mailara igoko da. 13:00ean hasiko da lehia erabakigarria. Etxekoak, Hercor Motor BM. Colindres taldekoak izango dituzte aurkari usurbildarrek.

Neurketa bizia
Colindresen den Usurbil K.E.-ren ordezkaritzatik NOAUA!ri berri eman diotenez, larunbateko bigarren partida dolu erabakigarria izan zen. Izan ere, bi taldeek haien sailkapeneko postua sendotu beharra zuten eta haien nagusitasuna ere erakutsi beharra zuten zaletuen aurrean.

Neurketako lehen zatian, bi taldeen arteko golak etengabekoak izan zirela nabarmendu dute Usurbil K.E.-tik. Usurbildarren kasuan, Manex Irazabal Esnaola eta Oier Eleta Biain izan ziren lehenengo golen egileak. Halere, tarte batez aurkariek aurre hartu zieten. Lehen zati honetan, gainera, ohartarazpen eta kanporaketek eragina izan zuten usurbildarrengan eta hain zuzen, egoera horixe baliatu zuten aurkariek puntu gehiago eskuratzeko. "Bi taldeek zuten presioa handia zen. Izan ere, golak sartzeaz gain, jokoaren erritmoa kontrolatzea zuten xede".

Partida horren bigarren zatian, aldiz, Saizar Usurbil K.E.-koak egoera iraultzen hasi ziren, eraginkorrak izandako aldaketa taktikoei esker. Horrek defentsa indartzea ahalbidetu zien usurbildarrei, Aimar Vázquez Saizar buru zuen ofentsiban erraz eragiten ari ziren artean. Bera jokalari gakoa izan zen Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez, jokalekuko erdigunetik hainbat gol egin ostean. Horrez gain, eskubaloi taldeen bilgunetik nabarmendu dutenez, estrategikoak izandako hainbat erabaki hartu zituen Xabat Beloki Segurola entrenatzaileak eta horrek balantza usurbildarren aldera irauli zuen.

Larunbateko bigarren garaipenak usurbildarrek sailkapenean duten postua eta maila igoera eskuratzeko erronkarako bidea sendotu du. Neurketa honek ekarri dien ikasgaia argi du Usurbil K.E.-k: "gol bakoitza garrantzitsua da baina hartutako erabaki taktiko bakoitzak partidaren norabidea erabat alda dezake".

Lehen nazional mailara igotzeko txapelketa
Non: Colindres (Kantabria).
-Maiatzak 23, 21:00 Saizar Usurbil K.E. 39-29 Dominicos.
-Maiatzak 24, 20:00 Saizar Usurbil K.E. 35-29 BM. Maravillas Benalmadena.
-Maiatzak 25, 13:00 Hercor Motor BM. Colindres.