Laugarren Euskaraldia azken orduetan da jada. Hamaika egunen ostean, maiatzaren 15ean milaka euskal herritarrek, tartean ehunka usurbildarrek hasitako ariketa kolektiboa igande honetan, hilaren 25ean amaituko dute.
Guztion hizkuntza ohituretan eragitea xede duen ekimenak azken eguna du Euskal Herrian baita Usurbilen ere. Igande girotua izaten ari da gaurkoa ere. Izan ere, Euskaraldiaren laugarren edizio amaiera honetarako Kantu Festa antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.
Usurbilgo kantariez gain, beste hiru udalerrietako kantu taldeak gonbidatu dituzte gaurko hitzordura; Zarauzko Montetxio, Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro taldeak hain zuzen.
Goizean zehar, herriko kultur sorkuntza ezagutzeko egindako bisitaren ondotik, kantuz blaitu dute herri erdigunea. Halere, hasteko, topaketa honen lekukotza uzteko, albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute Mikel Laboa plazan. Handik abiatu dute hain zuzen, igande eguerdi parteko kantu-jira.
Laugarren Euskaraldia plaza horretan bertan agurtuko dute igande arratsalde honetan. Izan ere, hilabeteotan eta asteotan ekimena herrian dinamizatzen aritutako herritarren batzordeak bi hitzordu deitu ditu:
Maiatzak 25, igandea
19:00 Euskaraldiaren amaierako ekitaldia Mikel Laboa plazan:
-Herri argazkia.
-Anuk eta Eleneren emanaldia.
Deitzailea: Euskaldiaren herri batzordea.
Argibide gehiagorako: euskaraldia.eus