Palestinarren aurkako genozidioa salatu eta palestinar herriarekin bat egin dute igande eguerdi honetan, maiatzaren 25ean, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolaturiko Kantu Festaren hasieran. Usurbilgo kantariez gain, Hondarribia, Zarautz eta Lasartekoak elkartu ditu laugarren Euskaraldiaren amaiera honetan antolaturiko hitzorduak.
Denek 12:00etan Mikel Laboa plazan ateratako talde argazkian, palestinar herriari babesa adierazi diote, baita segidan hasitako kantu-jiran ere. Lehen abestia eskaini diote palestinar herriari. Albiste honi atxikitako bideoan duzu entzungai.
Ekainaren lehenean mobilizatzeko deia
Hainbat iturriren arabera, Israelek dagoeneko ia 54.000 palestinar erahil ditu 2023ko urriaz geroztik. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 14.000 haur hil daitezke egunotan, laguntza humanitarioa heltzen ez bazaie. Mundu osoa zuzenean ikusten ari den palestinar herriaren aurkako genozidioak bere horretan dirau, ez du etenik. Azken orduotan beste 79 pertsona hil ditu Israelek bere bonbardaketekin.
Urteotan hainbat dinamika, protesta eta mobilizazio ekintza egin dira munduan zehar, tartean, Euskal Herrian. Gernika-Palestina herri ekimenak bideratu izan ditu salaketa eta elkartasun ekimen nagusiak. Larunbat honetan, maiatzaren 24an, Donostiatik palestinarren aurkako genozidioa eteteko "neurri zehatz eta eraginkorrak" hartzea galdegin dute. Batetik, Israel isolatzeko neurriak hartzea eta genozidioaren arduradunak zigortzea. Bestetik, larrialdi humanitarioa arintzeko konboi humanitario diplomatikoa abiatzea, nazioartearen babespean. Horrez gain, Israelekin harreman ekonomiko eta militarrak etetea ere eskatu dute.
Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte, azkenik, ekainaren 1ean, 12:00etan Donostiako Alderdi Ederren. Performance bat egingo da bertan. Mobilizaziooi udako jaietan segida eman asmo diote.
Agerraldi horretako eskaera eta asmoekin bat egin du gehiengo sindikal eta politikoak baita hainbat eragile sozialek ere.