Euskaraldia 2025

Euskal abestiez blaitu dute herria

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 25a, 13:41

Ezohiko kantu-jira egin dute igande eguerdian, herriko kaleetan barrena, Usurbilgo, Zarauzko, Lasarteko eta Hondarribiko kantu taldeek.

Euskarari, euskararen herriari, euskaldunoi gorazarre egin dio igande eguerdi honetan, maiatzaren 25ean herrian barrena egin duten kantu-jirak. Hilero azken larunbatetan antolatzen du hitzordu hori Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Maiatzekoa ordea, egunbete atzeratu dute, igande honetara hain zuzen, ezohiko topaketa prestatua baitzuten.

Kantu Festa antolatu dute gaurko, beste hiru udalerrietako kantu taldeokin; Zarauzko Montetxio, Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro taldeekin hain zuzen.

Goizean zehar, herriko kultur sorkuntza sakonago ezagutzeko bisitan parte hartu dute lehenik. Eguerdi partean, albiste honetan iruditan batu dugun kantu-jiran ibili dira herrian barrena. Euskal kantutegiko abesti ezagun askoren doinuekin girotu dute, laugarren Euskaraldiko azken egun hau.

Igande arratsaldean emango diote segida. Udarregi ikastolako jangelan kantu bazkaritarako bildu ostean, Salbatore Elizako ondarea ezagutu eta bertako organoa bidelagun dutela, "Txoria-txori eta "Gure ametsak" abestiak kantatuko dituzte. Gero, Dema plazan elkar agurtzekoak dira, kantuan baita.