Lehen nazional mailan

Txapeldunak, Usurbilgo eskubaloiaren egun historikoa ospatzen

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 25a, 20:47

Harrera beroa egin diote lehen nazional mailara igotako Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilen taldeari, Colindresetik (Kantabria) bueltan.

Egun historikoa Usurbilentzat, herriko kirolarentzat, eta zehazkiago, noski, eskubaloiarentzat. Lehen nazional mailara igotzea lortu du Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilen taldeak. Asteburuan Colindresen (Kantabria) jokaturiko faseko hiru neurketak irabazi ditu; azkena, igande honetan, etxekoen aurka. Usurbildarren gol kopuruak aurkariena ia bikoiztu egin du.

Aipatu moduan, erronka erdietsia, mailaz igota itzuli dira Kantabria aldetik arratsaldeko 18:00ak pasatxoan Usurbil aldera. Oiardo kiroldegian zain zituzten, Kantabrian bidelagun izandako senide eta lagunak baita herrikide gehiago ere. Harrera beroa egin diete, kopa eskutan "Txapeldunak!" zioen Aizpurua autobuseko kartel argiztatuarekin heldu direnean. Dantza eta festarako gogo bizian jaitsi dira bertatik. Kantu eta besarkada artean egin dituzte lehen minutuak bertan. Albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute gero. Oiardo kiroldegi atarian hasitako ospakizunari gero herrian eman diote segida eta ordu askotan luzatuko dela dirudi.

Izan ere, ez da egunero eskuratzen halako tamainako garaipena. Usurbil K.E.-ko senior mutilek lehen nazional mailan jokatuko dute 2025-26 denboraldian.