Albiste honi atxikitako herri argazkiarekin borobildu du Usurbilek eta Euskal Herriak maiatzaren 15ean hasitako ariketa kolektiboa. Laugarren Euskaraldia amaitu da igande honetan. Norbanako nahiz entitateen ahalegin hau borobiltzeko ekitaldia egin dute Mikel Laboa plazan. Albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute.
Aurretik, Euskaraldia hilabeteotan Usurbilen dinamizatzen aritu den herritarren batzordeak edizio honi lotutako parte hartze datuen berri eman du. "Usurbilen 10 bat laguneko batzordea aritu gara euskara ulertzen dugunon hiztunak astindu nahian eta hizkuntza ohiturak alda ditzaten ariketa hau sustatzen".
Segidan dituzue datu gehiago. 846 norbanakok parte hartu dute Euskaraldian, gehienek ahobizi gisa edota belarriprest moduan. Ia 500 herritarrek, bat egin dute Euskaraldiaz gain, Hikaldiarekin ere. Horrekin batera, "herritarrak ez gara gure kabuz bakarrik aritu ariketa honetan", Euskaraldiaren herri batzordetik gaurko ekitaldian gogorarazi dutenez.
Izan ere, euskararen erabilera areagotzeko babesgune izandako ariguneen eta lanketa maila oinarrizko nahiz sakonagoaren bidez, askotariko 33 entitateek bat egin dute Usurbilen laugarren Euskaraldiarekin. "Norbere eremuan, Euskaraldia girotzeko ekintza ezberdinak antolatzen saiatu dira". Segidan dituzue zerrendatuak; besteak beste, herri eragileak, erakundeak, merkatariak eta ostalariak, ikastetxeak edota kooperatibak daude.
Guztiek zuten hamaika egunez hartutako konpromisoa bideratzeko tartea. Epealdi hori amaitu da jada, baina Euskaraldiko herri batzordetik bihartik aurrera ere hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko deia egin dute.
4. Euskaraldia Usurbilen: parte hartzea
Guztira: 846 herritar (%60 inguru emakumeak) eta 33 entitate.
Norbanakoak: 737 ahobizi (%86 inguru) eta 110 belarriprest. Euskaraldiko parte hartzaileen erdiak, ia 500 herritarrek bat egin dute Hikaldiarekin (erdia emakumezkoak, 260, %52a).
Parte hartu duten entitateak (33 guztira):
-Aginagako herri eskola.
-Alkartasuna kooperatiba.
-Ane ile-apaindegia.
-Arrospide Banaketak.
-Artzabal jatetxea.
-Booktegi kultur elkartea.
-Usurbilgo Lanbide Heziketa.
-Elhuyar.
-Esnaola janari-denda.
-Hurbilago merkatari eta ostalarien elkartea.
-Ikaslan Gipuzkoa.
-Intza ile-apaindegia.
-Iratze natur denda.
-Kirolean Aholkulab Kooperatiba.
-Laneki elkartea.
-Laurok liburu-denda.
-Lizardi liburu-denda.
-Lurda mertzeria.
-Matia.
-NOAUA! Kultur Elkartea.
-Oinutsik podologia zentroa.
-Orbeldi Dantza Taldea.
-Otar Goxo.
-Santuenea Kultur Elkartea.
-Ta Puntu kooperatiba.
-Txapeldun ardangela.
-Txirristra taberna.
-Udarregi ikastola.
-Urbil.
-Usurbil optika.
-Usurbilgo osasun zentroa.
-Usurbilgo Udala.
-Zumarte Musika Eskola.