Amaitzear da ikasturte honetako "Goazen Kalera, Usurbil" dinamika, astearte goizero ordu eta erdiko ibilaldi osasuntsua egitea sustatzen duena. Azken itzulia biharko, maiatzaren 27rako iragarri dute. Azken bira hau, Aginagan barrena egingo da. 10:30etan abiatuko da bertako frontoitik.
Otsailaren 4tik maiatzaren 27ra arteko eskaintza prestatua zuten hain zuzen Usurbilgo Udalak, Udarregi ikastolak eta Aginagako zein Zubietako eskolek, Oinarrizko Lanbide Heziketarekin eta Arrate, Gure Pakea zein Gure Elkartea jubilatuen elkarteekin batera. Iaz bezala, txandakatu egin dituzte ibilbideon eremuak. Bi astean behin Usurbilgo erdigunean egin dira paseo hauek eta haietako batzuk Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunetik edota Eguneko Arreta Zerbitzutik igaro dira.
Kasu horietan, paseo amaierako hamaiketakoa gune horietan dastatu ahal izan dute. Gainerako astearteetan, Aginagan, Santuenean edota Zubietan egin dira osteratxoak.
Ordutegiak ohikoa izaten segi du; 10:30-12:00 artean egin dira paseo hauek, tokian tokiko frontoitik. Amaitu berriz, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestaturiko hamaiketako gozoa dastatuz bukatu izan dute irteera bakoitza.
Elkar zaintzea
Herri zaintzailegoa izateko bidean bere ekarpena egiten duen dinamika da honako hau. “Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan.
Iaz berreskuratu zuten garai bateko egitasmo hau eta herri erdigunetik Usurbilgo txoko ezberdinetara hedatu zuten dinamika hau, tokian tokiko eskola eta jubilatuen elkarteekin lankidetzan.
“Goazen kalera, Usurbil”
Egutegia: otsailaren 4tik maiatzaren 27ra.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Abiapuntua: tokian tokiko frontoia.
Maiatza
27: Aginagan.