Maiatzeko azken ostegunarekin batera, ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak hilaren 29an. Usurbilgo Udaletik helarazi dute dagoeneko, udal ordezkariek ahotan hartuko dituzten gaien zerrenda osoa. Oraingo honetan, Oiardo kiroldegiko jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua izango dute mintzagaietako bat, baita Gure Pakea elkarteko jatetxe Artzabalgo kontratuaren azken luzapena.
Bestalde, udalbatzari dagokio udalerri honek urtero aukeran izaten duen jaieguna izendatzea. 2026koa zein izango den etziko osoko bilkuran erabakiko dute.
Hilabete honi dagokionean, bigarrenez bilduko da udalbatza maiatzaren 29an. Oraingo osoko bilkura honek ohiko izaera izango du. Ezohiko izaera izan zuen, aldiz, hilabete hasierakoak. Maiatzaren 8an bildu zen azkenekoz udalbatza, apirileko osoko bilkura egiteko modurik izan ez ostean. Saio hartan, 2025eko ordenantza fiskalen aldaketa, herri-bideak edota kreditu txertaketa bat hizpide izan zuten.
Udalbatzaren osoko ohiko bilkura
Eguna: maiatzak 29, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2025eko maiatzaren 8ko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2025eko maiatzaren 5etik 23ra (2025/536-2025/651).
3.- Usurbilgo Oiardo kiroldegian kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzuaren lizitazioan Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) emandako ebazpena betetzea: Udalbatzarrak 2024ko azaroaren 28an hartutako erabakia bertan behera utzi eta erabakia deuseztatzearen ondorioz jarduketetan atzera egitea (2024LIRZ0005).
4.- Artzabal eraikinean kokatutako “Gure Pakea” jubilatu tabernaren kontratuaren bosgarren (azken) luzapena onartzea (2024LIEO0002).
5.- 2026ko herriko jaieguna izendatzea (2025IJAI0001).
6.- Galdera eta eskaerak.