Euskal Herria Kantuz Egunera joateko autobus zerbitzua

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 27a, 17:33

Ekainaren 22an Tafallan ospatuko den jaiegunera joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Bertan izena emateko maiatzaren 31ra arteko epealdia finkatu dute.

Kantu Festa igaro berritan, beste hitzordu bat ate joka dute Usurbilgo kantuzaleek. Igandean, maiatzaren 25ean, Usurbilgo, Zarauzko, Hondarribiko eta Lasarteko kantu taldeak batu zituen jaialdia ospatu zuten, kantu-jira, bazkari eta herri ondarea ezagutzeko bisita gidatuekin.

Lau udalerri elkartu zituen duela bi eguneko jaialdiak. Askoz gehiago elkartuko ditu, ziur, hilabete barru antolatua den jaialdiak. Izan ere, Euskal Herriko Kantu Taldeen sareak Euskal Herria Kantuz Eguna antolatu du ekainaren 22an Nafarroako Tafallan. Iaz ez zuten egiterik izan. Aurten, ordea, "kostata" aipatu saretik zehaztu dutenez, baina "Tafallan bilduko ditugu Euskal Herri osoko kantu taldeak, kantuak oinarri hartuta guztion artean gure kultura, ondare musikala, eta hizkuntzari beste bultzada bat emateko. Zorionak Nafarroako kantuzaleei eta batez ere Tafallako taldeari". 

Prestaketak aurrez
Ildo beretik, Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik azaldu dutenez, "euskaraz, kantuan eta kontuan arituz, lagunarte ederrean egun zoragarri bat pasatzeko aukera ezin hobea" izango da. Herriko bilgune horrek hara joateko autobus zerbitzua antolatzen ari dela jakinarazi dio mezu bidez NOAUA!ri. "Herritar edonork eman dezake izena Tafallan ospatuko den Euskal Herriko kantuzaleen arteko euskal kantuen festa erraldoi honetan parte izateko".

Adi, autobus zerbitzu horretan izena emateko maiatzaren 31ra arteko epealdia finkatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Zerbitzu hau baliatu nahi duenak bilgune horretako kideren batekin hartuemanetan jarri besterik ez du.

Horrekin batera, Tafallako jaialdian parte hartzea prestatzeko datozen hiru astelehenetan, hau da, ekainaren 2an, 9an eta 16an entsegu saioak antolatu ditu Kantu Taldeak, ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.

Kantu Taldetik Euskal Herria Kantuz Egunaren egitarauaren nondik norakoak zehaztu dituzte. Segidan dituzue:

Euskal Herria Kantuz Eguna 2025
Ekainak 22, igandea
9:00 Autobusa irtengo da Kiroldegi aurretik. 
11:00 KANTU TALDE GUZTIEN TOPAKETA eta HAMAIKETAKOA Tafallako plazan.
12:00 Ongi etorria, Fermin Balentziari omenaldi xumea, kantuak eta KANTUJIRA.
13:30 KANTUJIRAREN amaiera Tafallako plazan erraldoiekin batera
14:30 HERRI BAZKARIA  Ereta parkean (Eguraldi txarra bada Ereta pilotalekuan). 30€ propio egun honetarako aterako duten kantu liburuxka barne. HERRI BAZKARIA / MENUA: Entsalada mixta / Paella / Arkumea / Gazta tarta / Kafea / likoreak / ogia eta ardoa. 
17:00 Bazkalosteko KANTU SAIOA eta JAUZI-DANTZAK. 
21:00 Usurbilen izango ginateke.