Ekainaren 7an

Ikastola Eguneko txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 27a, 17:19

Udarregi ikastolak ekainaren 7an ospatuko duen jaialdiaren baitako bazkaritarako txartelak egunotan eskuratu ahalko dira.

2024-25 ikasturtea amaitzear da eta, ohi bezala, festa giroan bilduko dira udako oporraldian murgildu aurretik Udarregikoak. Izan ere, badator, Ikastola Eguna. Ekainaren 7an ospatuko dute. Jolasak, emanaldiak, erakusketak iragarri dituzte, baita, noski, ikastolako komunitatea batuko duen bazkaria ere. 500 lagunentzako tokia egongo da bertan, antolatzaileen esanetan.

Adi, otordurako eta horren ostean, ikasleek eskainiko duten musika emanaldirako txartelak salgai jarriak ditu jada Udarregi ikastolak. Maiatzaren 30era arte idazkaritzan eskuratu ahalko dira, 8:00-13:00 artean, edota baita Agerialdeko jolastokian ere, astearte eta asteazken honetan, hilaren 27an eta 28an hurrenez hurren, 16:30-17:00 artean.

Aurreko urteetan bezalaxe, Hurbilagok prestatuko du menua. Bi izango dira:
-Ikasleentzat: makarroiak tomatearekin, oilaskoa, izozkia, ogia eta ura (11 €)
-Helduentzat: entsalada, oilaskoa, tarta, ogia, sagardoa/ardoa/ura, kafea eta pattarra (16 €).

Alergiaren bat duenak, txartela erosterakoan jakinaraztea eskatzen du ikastolak. Bestalde, "LH 1etik aurrerako ikasleek beraien taldearekin esertzeko aukera izango dute. Gurasoekin
esertzea nahiago badute, bazkari txartela erosterakoan adierazi beharko da".

Udarregi Ikastolaren Eguna
Ekainak 6-13
Haur Eskolak prestaturiko erakusketa Sutegiko erakusketa aretoan.

Ekainak 7, larunbata
10:00 LH1-2-3 jolasak ikastolan.
11:00-12:00 DBHko ikasleen erakusketa ikastolako laborategian.
11:00 LH4-5-6 jolasak ikastolan.
12:15 DBHko ikasleen jolasak ikastolan.
12:15 HHko dantza emanaldia Mikel Laboa Plazan eta txarra egingo balu ikastolako frontoian.
14:00 Bazkaria frontoian.
Jarraian, DBHko ikasleek antolatutako ikuskizuna.

Antolatzaileak: Udarregi ikastola eta Hitz Aho guraso elkartea.