PSE-EEk etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea eskatu dio EH Bilduren gobernuari

Erredakzioa 2025ko mai. 28a, 08:03

Usurbilgo udal talde sozialistak agintaldiaren erdialdearen inguruko balantzea egin du, eta ekimen garrantzitsuak bultzatu dituela nabarmendu du: "besteak beste, aterpe klimatikoak, euskararen sustapena edo erretiro duin baten alde egitea".

Usurbilgo PSE-EEk etxebizitza arloan ikuspegi estrategikoarekin jokatzeko eskatu dio EH Bilduren gobernuari. "Gipuzkoako gainerako udalerriek bezala, Usurbilek ere zailtasun handiak ditu bere bizilagunek etxebizitza eskuragarria izatea bermatu ahal izateko".

Egoera honen aurrean, udal talde sozialistak uste du "une egokia dela EH Bilduk udal gerakinaren zati bat lurzorua erosteko bideratzea". Horrek aukera emango luke udal eremu erabilgarriak handitzeko eta etorkizunean Eusko Jaurlaritzarekin akordioak errazteko, udalerrian etxebizitza publikoa areagotzeko helburuarekin.

Ildo horretan, PSE-EEk oso positibotzat jo du Usurbilek eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egin izana. "Ekimen horretan nabarmendu behar da Denis Itxaso sozialistak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila egiten ari den lana, herritarrei irtenbide zehatzak eskaintzen ari baitzaizkie etxebizitza baldintza duinetan eta eskuragarrietan eskuratzeko aukera bermatzeko", Usurbilgo PSE-EEk ohar bidez jakinarazi duenez.

Sozialistek ordea, ez dute begi onez ikusi 2025ean zergak igotzeko hautua, "aurreko urteko aurrekontuen likidazioa positiboa izan zelako eta horrek zerga-euspen handiagoa ahalbidetzen zuelako".

Agintaldiaren lehen erdian, PSE-EEk "ongizate komunaren, jasangarritasunaren, berdintasunaren eta erantzukizun instituzionalaren defentsan  oinarritu du bere lana, betiere oposizio eraikitzaile, kritiko eta propositibo batetik abiatuta".

Epe honetan, "balio sozialistekin" bat datozen ekimenak defendatu eta bultzatu dituztela diote, "hala nola, aterpe klimatikoen egokitzapena, euskararen sustapena edo erretiro 'duin' baten aldeko mozioen defentsa irmoa. Horiek guztiak onartu dira, eta horrek proposamen horien sendotasuna erakusten du".

 

Sozalisten ekarpenak udal aurrekontuetan

Gainera, sozialisten lanari esker, "udal aurrekontuetan funtsezko proposamenak sartu dira ingurumenaren, berdintasun eta emakume politiken edo enpleguaren sustapenaren arloan. Gure taldeak arduraz jokatu du, beti herritarren interes orokorrari lehentasuna emanez, proposamen zehatzak eginez, elkarrizketa bultzatuz eta udal gobernuaren ekintza fiskalizatuz", adierazi du udal talde sozialistatik. Horretarako, konpromiso sendoa dute erakundeen gardentasunarekin, ekonomia eta ingurumen jasangarritasunarekin, berdintasunarekin eta aniztasunarekiko errespetuarekin, baita kalitatezko zerbitzu publikoen defentsarekin ere.

Agintaldiaren bigarren zatiari begira, sozialistek "zorroztasunez eta gertutasunez" jarraituko dute lanean. Gure fiskalizazio, proposamen eta kritika lanari eusteko konpromisoa hartzen dugu, udal kudeaketa gardena, eraginkorra eta pertsonengan oinarritua zainduz".