Udalbatzaren osoko bilkura

Herri-bideen erabileraren udal ordenantza behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 27a, 11:03

Hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal ordenantzari hasierako onespena eman zion udalbatzak urtarrilaren 28ko osoko bilkuran. 2001etik indarrean zen araudia eguneratzeari bide eman zioten modu horretan. Izan ere, ordenantza honen oinarri ziren hainbat lege iraungita daude eta herriko zirkulazioan eta segurtasunean urteotan hainbat aldaketa ere izan da. Horregatik, araudi horretan,  merkataritza guneetako aparkaleku urdinetan aparkalekuak mugatzea edota oinezkoak lehenetsiko dituen eremuak arautzea proposatzen du; tartean da, Kalezarko Belmonte kalea oinezkotzeko egitasmoa.

Gerora, 30 eguneko alegazio epealdia finkatu zuen Udalak martxoaren 31ra arte. Tarte horretan, bi alegazio aurkeztu zituen "Plataforma Estatal del Karavaning" elkarteak. Haietako bat onartzea erabaki zuen udalbatzak; horregatik, aurrerantzean, "autokarabanak bide publikoetan aparkatu  ahal izango dira, 3.500 kg-tik beherako pisu edo masa baimendua badute, baina, akanpatzeko ezingo dira erabili".

Bigarren alegazioak auto karabana autotik askatu eta aparkatzea baimentzea eskatzen zuen baina alegazio hau ez onartzea erabaki zuten. Modu honetan, araudi honi behin betiko onespena eman zion udalbatzak aho batez.