Udaberria liburutegian

Yolanda Arrietaren aurkezpenaren ostean, ekintza gehiago egunotan

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 27a, 10:21

Memoria berriak. Entsegu grafiko bat idazketa sortzailearen alde” egitasmoa aurkeztu zuen Yolanda Arrietak maiatzaren 20an.

Hitzorduen ziklo betean da Sutegi udal liburutegia. Ostegunerako, hilaren 29rako iragarri du hurrengo ipuin kontaketa eta beste bi ekintza ekainerako. Azkena, maiatzaren 20an egin zuten. “Memoria berriak. Entsegu grafiko bat idazketa sortzailearen alde” izeneko egitasmoa aurkeztu zuen Yolanda Arrietak liburutegian bertan. Aurretik bertan eginiko idazketa tailerretan oinarritutako sorkuntza lana da honakoa, Udalaren laguntza jaso duena eta egileak berak aurreratu zuenez, urte amaierarako plazaratzeko moduan egon daitekeena. Honenbestez, kaleratzear duen argitalpenari buruzko zertzeladak eskaini zizkien Sutegira joandakoei.

Idazteaz dihardu sorkuntza lan horretan, idazketa sortzaileaz, “memoria osatzen joateko ariketa” gisa definitzen du Arrietak, “ezartzeko eta gorpuzteko modua. Idazteak laguntzen du finkatzen memoria”, bere esanetan. Izan ere, idazteak oroitzea dakar eta horrek berriz bizitzea. Arrapaladan bizi garen garaiotan, idazteak sosegua eskatzen duela dio. Proiektu honen edukiaren eta itxuraren hainbat xehetasun eskaini zituen herrikideak iragan astean Sutegin.

Udaberria liburutegian
Maiatzak 29, osteguna
18:00
Amaia Egidazuren ipuin kontaketa Sutegi Udal Liburutegian.
Nori zuzendua: 4-5 urte bitarteko haurrentzat.
Iraupena: 1 ordu.

Ekainak 3, asteartea
18:30
Karmele Jaioren “Orain hilak ditugu” poesia-liburua hizpide izango duen literatura-solasaldia Alaine Agirreren eskutik.

Ekainak 12, osteguna
15:30
Irakurketa-solasaldia 11 urtetik gorakoentzat. Idoia Garzesen “Kukuaren kantua” liburua izango dute mintzagai.

Oharra: solasaldietarako liburuen aleak eskuragarri dituzue liburutegian.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.