Usurbil K.E.-ko senior mutilak asteburuan lehen nazional mailara igo ostean, senior nesken txanda orain. Eskubaloi taldeen bilgunetik berri eman dutenez, maiatzaren 23an, Gipuzkoako Malkorbe Kopako Finalerdia irabazi zuten. Ondorioz, finalerako sailkatu dira.
Azken neurketa larunbatean, maiatzaren 31n jokatuko dute, arratsaldeko 18:00etan Andoaingo Allurralde kiroldegian. Bergarako Mondragon Lingua Bergara KE izango dute aurkari. Usurbil K.E.-etik adierazi dutenez, "jendea bertara joatera gonbidatu nahiko genuke", pasa den asteburuan senior mutilekin egin bezala.
Senior mutilak lehen nazional mailan
Senior neskak ez dira final batera heldutako jokalari bakarrak Usurbil K.E.-ren baitan. Izan ere, aurreko asteburuan, senior mutilek Colindresen (Kantabria) jokatutako igoera faseko hiru neurketak irabazi eta lehen nazional mailara igo ziren. Maila horretan lehiatuko dira hurrengo 2025-26 denboraldian.