Ekainak 3-4

Gau batez N634 errepidea itxiko dute, tren-geltokiko lanak tarteko

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 29a, 13:20

Tren-geltoki berriko zubia jartzeko lanen ondorioz itxiko dute N634 errepidea ekainaren 3tik 4rako gauean, 22:00-06:00 artean.

Adi, N634 errepidea itxi egingo dute gau batez, datorren astean. Data zehatzaren berri eman du Usurbilgo Udalak; hurrengo asteartetik asteazkenerako gauean izango da, hau da, ekainaren 3tik 4ra. Gau horretan, 22:00-06:00 artean itxi egingo da udalerri hau alderik alde zehartzen duen errepidea Etxealdia parean. Izan ere, itxiera hau tren-geltoki berriko lanek eragingo dute.

Udaletik aditzera eman dutenez, "Euskal Trenbide Sarea (ETS) tren-geltoki berriko zubia jartzera doa". Lanok egin ahal izateko itxiko dute N634 errepidea. Itxiera orduetan, "trafikoa, orokorrean, herrigunetik bideratuko da; garraio publikoari, larrialdi zerbitzuei edo kamioiei utziko zaie N634tik pasatzen", argitu dute Udaletik.

Halako itxiera gehiago ere izango direla ohartarazi du ETS-k, Udalak jakinarazi duenez, "zubiaren zoruko hormigoia bota eta pasabideari lotutako lanak amaitzeko". Aldiz, gaurkoz, ez dago zehazterik errepidea noiz itxiko duten berriz.

Nasa berria uztailerako prest
Berriki, Eusko Jaurlaritzatik Usurbila eginiko bisitan iragarri zutenez, beranduenez jota, 2026. urte hasierarako martxan egon daiteke Usurbilgo tren-geltoki berria, baldin eta garaiz amaitzen badira eraikitze lanak. Lanok "martxa onean" doazela berri eman zuten. Orduan iragarri zuten moduan, "tren-geltokiko hegoaldeko nasa berria ere laster jarriko da martxan: ETSren aurreikuspenen arabera, uztailaren 11tik 13rako asteburuan izango da hori. Eguna gerturatu ahala, seinaleak jarriko dituzte aldaketaren berri eman eta behin-behineko sarbide berria non izango den adierazteko".

Abuztuan, San Esteban kaleko urbanizazio lanen bigarren fasea
Etorkizuneko geltoki berria irisgarria izango da, eraikiko duten Etxealdiako zubi berria igogailuen bidez komunikatua egongo baita geltoki berriarekin eta Atallu aldearekin. Izan ere, orain arteko trenbideko pasabidea ezabatu eta N634 errepide gaineko zubi berria Atalluraino luzatuko dute. Zubi horretara herri erdigunetik, San Esteban kaletik behera heldu ahalko gara orain arte bezala.

Kale honen lehen urbanizazio lanak gauzatuak daude, baina zubi horretatik gertuen dagoen eremua egokitu eta urbanizatzea geratzen da. "Udala eta ETS elkarlanean ari dira, elkar eragiten duten obra bana dutelako. ETSren geltoki berriak baldintzatu ditu udalaren San Esteban kalearen urbanizazio eta egokitzapen lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuaren erdialdera hasi ahal izango du San Esteban kaleko lanekin, eta urrian amaituta egon daiteke. Geltoki berria, berriz, urte amaiera eta 2026 hasiera artean irekitzea aurreikusten du ETSk".