Zumartek 40 urte

Lau hamarkadetako Usurbilgo musika faktoriaren historia Sutegin

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 30a, 09:19

Zumarte Musika Eskolak eginiko ibilbidea, hamaika oroitzapen eta belaunaldi ezberdinetako herrikideak iruditan ikus ditzakezue egunotan Sutegin.

Herri honek musika faktoria badu, Zumarte Musika Eskola. Berrogei urte bete ditu. Pentsa denbora honetan guztian zehar, zenbat egitasmo, dinamika, lanketa, emanaldi izan dituen. Berrogei urteok iruditan bildu eta jasotakoa Sutegin ikusgai jarri dute. Igandera arte, ekainaren 1era arte, kultur-etxeko erakustaretoan izango duzue ikusgai. 

Zumartek duen irudien artxiboaren lagin bat baino ez da bertan jarritakoa, baina eskaintza benetan oparoa da. Hamarkadaz hamarkada, argazki eta bideoen bidez baita hedabideetan musika eskolari lotuta argitaraturiko albisteekin, musika eskolaren berrogei urteotako bizitzan barneratzeko aukera izango duzue, askok bere burua ere bertan ikustekoa, oroitzapenak berritzekoa eta laburbilduz, musika eskolak eginiko ekarpen aberatsa ezagutu ahalko da.

Zumartek 40 urte
Maiatzak 26-30, astelehenetik ostiralera
2025-26 ikasturterako matrikulazioa. Informazio gehiago, zumarte.eus atarian.

Maiatzak 28-ekainak 1
40. urtemugako argazki eta bideo erakusketa Sutegiko erakustaretoan:
Ostirala: 17:30-20:00.
Larunbata: 11:30-14:00 / 17:30-20:00.
Igandea: 11:30-14:00.

Ekainak 4, asteazkena
18:30 Abesbatzen kontzertua Sutegin.

Ekainak 8, igandea
12:00 Altsasu-Usurbil Saxo taldearen kalejira.

Ekainak 12, osteguna
18:30 Kantu modernoko ikasleen kontzertua Sutegin.

Ekainak 14, larunbata
11:00-13:00 40. urtemugako ibilaldi musikatua. Kalejira eta gune desberdinetan emanaldiak: Potxoenea, Artzabal, Sagardoaren Plaza, Kale Nagusia 10 pasabidea, Olanoenea eta Zumarte.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.