Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura abiarazi du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 30a, 10:54

Usurbilgo Udalak eginiko izendapen eskaeraren prozedura abiarazi duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, ostiral honetako, maiatzaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Martxoa amaieran jakinarazi zuen Usurbilgo Udalak Usurbil "tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu" izendatzeko eskaera egin ziola Eusko Jaurlaritzari. Eskari hark erantzun ofiziala izan du eta erantzun horren berri eman du ostiral honetan, maiatzaren 30ean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez, hasiera eman zaio eskaera horri lotutako prozedurari. "Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko eskaera egin du, eta aztertu egin da eskaera", Jaurlaritzaren esanetan.

Gasteizko gobernuaren arabera, "aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egiaztatutzat jotzen da betetzen dela Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18.3 artikuluaren b) apartatuan aurreikusitako justifikazio-baldintza, Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko. Beraz, bidezkoa da izendapen horretarako prozedura hastea".

Honenbestez, izendapenaren prozedura abiaraztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak eta horrekin batera "prozedura jendaurrean jartzea, argitara emanez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik hogei egun baliodunez egongo da jendaurrean, interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten". Tarte horretan, "Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedura justifikatzen duten azterlanak eta aldez aurreko memoria Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan egongo dira eskuragarri (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus/hasiera/)". 

Agindu hau, Usurbilgo Udalari jakinaraziko zaiola ere ohartarazi du GAO bidez Jaurlaritzak eta hogei egun balioduneko epea emango dio Udalari, "entzunaldikoa, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, egoki irizten dien alegazioak eta dokumentazioa aurkez ditzan".             

Aurkeztutako dokumentazioa
Gai honek orain arte izandako ibilbidea azaldu du Jaurlaritzak bere iragarkiaren bidez. "2025eko martxoaren 31n, Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatu zion has zezala Usurbilgo udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura, Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18. artikuluaren arabera". 

Udalak berak garai hartan berri eman bezala, eskabide horri lotutako dokumentazio hau erantsi zuten, hilabete hasieran Txirikordan eginiko bileran aurkeztutakoa: Usurbilgo etxebizitzaren gaineko diagnostikoa, udalerria tentsio handiko eremu izendatzekoa, justifikazio-memoria, Usurbilgo etxebizitza-plana, udalerria tentsio handiko eremu izendatzekoa".

Udalerri bat "bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu" gisa izendatzeko eskumena berea dela gogorarazi du Jaurlaritzak, "Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, zeinak ezartzen baitu etxebizitza-arloan eskumena duen administrazioak izendatu beharko dituela bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuak, legean bertan jasotako neurri espezifikoak aplikatzeko".  

Bete beharreko arauak
Bestalde, udalerri batek aipatu izendapena jasotzeko bete behar dituen arauak ekarri ditu gogora, GAO-n gaur argitaraturiko iragarkiaren bidez. Hasteko, "deklarazioaren aurretik, prestaketa-prozedura bat egingo da, eremu bakoitzeko bizitegi-merkatuaren egoerarekin lotutako informazioa lortzeko". Informazio bilketa horretan jasoko du, "etxebizitza mota ezberdinen alokairu- eta salmenta-prezioen adierazleak eta haiek denboran izan duten bilakaera; eta egoiliarren errenta erabilgarriaren adierazleak eta haiek denboran izan duten bilakaera". Eusko Jaurlaritzatik berri eman duenez, "adierazle horiek, etxebizitza-prezioekin batera, aukera emango dute familiek etxebizitza duin eta egokia izateko egin behar duten ahalegin ekonomikoaren bilakaera neurtzeko".

Udalerri bat eremu tentsionatu izendatzeko, bestalde, "informazio-izapide bat" bideratu beharko da, "zeinean jendaurrean jarri beharko baita deklarazio horren oinarri den informazioa, barne hartuta biztanleriaren eta familien banaketa espazialari, egiturari eta dinamikari buruzko azterlanak, bai eta eskaintzaren, prezioen eta etxebizitza moten araberako zonifikazioa ere, edo gizarte- eta lurralde-kohesioaren kalterako diren desorekak eta gizarte- eta espazio-bereizketako prozesuak agerian jartzea edo prebenitzea ahalbidetzen duen beste edozein azterlan".

Eusko Jaurlaritzatik gaineratu dutenez, "etxebizitzaren arloan eskumena duen administrazioaren mugatze-prozeduraren ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta behar bezala azaldu beharko da dagokion eremuko edozein modalitatetako etxebizitza-merkatuak zer-nolako gabeziak edo hutsak dituen ohiko etxebizitzaren eskariari erantzuteko eta arrazoizko prezioak eskaintzeko, aintzat hartuta biztanleria egoiliarraren egoera sozioekonomikoa eta dinamika demografikoak, bai eta lurralde-eremu bakoitzaren berezitasun eta ezaugarriak ere. Ebazpen hori Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Hiri Agenda eta Etxebizitzako Idazkaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio".

Azkenik, eremu tentsionatu izateko izendapena hiru urterako izango dela gogorarazi du Jaurlaritzak, urtero luzatu ahalko dena, "baldin eta deklarazio hori eragin zuten inguruabarrek bere horretan badiraute, eta aurreko deklaraziotik egoera leheneratzeko edo hobetzeko hartu diren neurriak eta ekintza publikoak justifikatu ondoren".

Etxeko lanak eginda
Izendapen horri begira, "justifikazio-memoria bat" egin beharko dela aurreikusi du Jaurlaritzak, bi kasuotako bat Usurbilen gertatzen ari dela egiaztatzeko: Hipotekak edo alokairuak –eta oinarrizko gastuek eta hornidurek– aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan batez beste duten karga handiagoa izatea etxeko batez besteko diru-sarreren edo errentaren ehuneko hogeita hamar baino; Etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak gutxienez ehuneko hiru puntu gehiagoko hazkunde metatua izatea kasuan kasuko autonomia-erkidegoko kontsumo-prezioen indizearen hazkunde metatuaren aldean, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratu aurreko bost urteetan".

Horrekin batera, "plan espezifiko bat idatzi beharra ekarriko du berekin, atzemandako desorekak zuzentzeko behar diren neurriak eta haien garapen-egutegia proposatuko dituena".    

Udalak lanketa hauek eginak ditu, hilabete hasieran aurkeztu zituen xehetasunak Txirikordan eginiko bileran. Jaurlaritzak GAO bidez hala dela baieztatu du baita. "Aurkeztutako eskabidearekin batera, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuaren deklaraziorako diagnostiko-dokumentua eta etxebizitza-plana aurkeztu ditu. Bertan, eremuko bizitegi-merkatuaren egoera azaltzen da, barnean direla hainbat etxebizitza motaren alokairu- eta salmenta-prezioen adierazleak eta haiek denboran izan duten bilakaera, baita etxekoen errenta erabilgarriaren mailaren adierazleak eta haiek denboran izan duten bilakaera ere".

Memoriari dagokionean, adierazle hauek zehaztu direla aipatu du Jaurlaritzak. Batetik, "etxebizitza moten alokairu- eta salmenta-prezioen adierazleak eta haiek denboran izan duten bilakaera; horien goranzko bilakaeraren arrazoiak (hazkunde hori, batez ere, biztanleriaren mugikortasun-joerek ekarri dute, eta, bereziki, etxebizitza lehen aldiz eskatzen duten gazteenen mugikortasunak)".

Bigarrenik, "egoiliarren errenta erabilgarriaren adierazleak eta haiek denboran izan duten bilakaera" ere bai. "Adierazle horiek, etxebizitza-prezioekin batera, aukera emango dute familiek etxebizitza duin eta egokia izateko egin behar duten ahalegin ekonomikoaren bilakaera neurtzeko".

Hirugarrenik, "eremuko edozein modalitatetako etxebizitza-merkatuak zer-nolako gabeziak edo hutsak dituen ohiko etxebizitzaren eskariari erantzuteko eta arrazoizko prezioak eskaintzeko, aintzat hartuta biztanleria egoiliarraren egoera sozioekonomikoa eta dinamika demografikoak, bai eta lurralde-eremu bakoitzaren berezitasun eta ezaugarriak ere".

"Plan bideragarri eta egokia"
Usurbil "tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu" izendatzeko Udalak "justifikazio-memoria" aurkeztu duela berretsi du Jaurlaritzak, "non adierazten den Usurbilgo udalerriak betetzen duela lehen aipatutako irizpidea". Hau da, "memorian, justifikatzen da, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenetan adierazitakoa aipatuz, Usurbilgo udalerriko azken bost urteetako (2017-2022ko aldiko) alokairu-prezioen igoera-tasa %19,9koa izan dela eta, beraz, legezko eskakizun gisa definitutako %17ko ehunekoa gainditu duela (KPIa + 3 puntu); 12/2023 Legearen 18.3 artikuluaren b) apartatuan aurreikusitako irizpidea betetzen du hala".

Memoriarekin batera, plangintza bat ere aurkeztu behar zuen Usurbilgo Udalak. Hala egina du. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, "uste dugu plan bideragarri eta egokia aurkeztu dela udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzean agerian geratu diren desorekak konpontzeko".

Ondorioz, "aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egiaztatutzat jotzen da betetzen dela Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18.3 artikuluaren b) apartatuan aurreikusitako justifikazio-baldintza, Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko. Beraz, bidezkoa da izendapen horretarako prozedura hastea".