Sarek deitutako mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 30a, 07:19

Ostiral honetan izango da Sarek deitutako hurrengo mobilizazioa. Euskal presoen egungo egoerari buruz mintzatu ziren berriki Potxoenean, aipatu bilguneak antolaturiko solasaldian.

Hilero moduan, maiatzeko azken ostiral honekin batera, mobilizaziorako deia egin du Usurbilgo Sarek. Elkarretaratzea deitu du gaur 20:00etan Mikel Laboa plazan, berriki, euskal presoen egoerari buruzko hitzaldia antolatu ostean.

Euskal presoen egoeraz
"Aurrera goaz, baina asko dago egiteke" oraindik. Hala ondorioztatu zen, Usurbilgo Sarek Potxoenean antolaturiko solasaldian. Euskal presoek oraindik bizi duten egoera izan zuten mintzagai Onintza Ostolaza abokatuak eta Beñat Uribe-Etxeberria Sare Gipuzkoako arduradunak. Egun, 133 preso daude (Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 116 preso eta handik kanpo diren beste 17). EPPK-ko 116 presoetatik 99 gizonezkoak dira eta 17 emakumezkoak. Emakumezko guztiak Hego Euskal Herrian dira, gizonezko ia denak bezala, 99tik 96. Gainerako hirurak estatu frantsesean dituzte. Adin tartearen ikuspegitik, %19,2ak 60 urtetik gora ditu. Espetxealdiari dagokionean, ia erdiak 20-24 urte daramate, %49,2ak hain zuzen, %14,2ak 25 urte baino gehiago. Kolektibo honen %8ak gaixotasun larriak edo sendaezinak ditu, Sarek Potxoenean emandako datuen arabera.

Haien guztien etxerako bidea lantzen ari da Sare urteotan. Egun, etxeratze hori gauzatzeko dauden oztopoez aritu ziren aipatu solasaldi horretan, euskal presoei aplikatzen segitzen zaien salbuspeneko espetxe politikaz; sakabanaketaz, urruntzeaz. 

"Beste aterabide batzuk" behar
Hizlariek gogorarazi zutenez, lehen graduan pasa dute preso askok espetxealdi osoa, bizi-baldintza oso gogorretan. Egoera aldatzen joan da azken urteotan, "presoen ekimenez, erabaki politikoengatik". Euskal Herriko periferiara hurbilketak lehenbizi, euskal herriratzeak gero... "Gerturatzearekin bigarren gradua aplikatzen zaie". Tarte horretan, Eusko Jaurlaritzara eskuz aldatzen joan dira espetxeen zaintzari lotutako eskumenak. "Aurrerapen batzuk" eman dira ildo horretan, nahiz haien gauzatzea "nahi baino motelago joan". Halere, argitu zutenez, "zigorrak ez dira barkatu". Egun, 48 orduko baimen murriztuak eskaintzen dituen bigarren gradutik astetarteko gauak soilik espetxean igarotzera behartzen duen hirugarren gradura igarotzeko "oztopo legalak" daudela azaldu zuten. "Baldintzapeko askatasuna" da ibilbide horren azken urratsa. Ohiko legedia aplikatuta, naturalki egin behar litzatekeen ibilbide horretan "izugarrikeria" asko egin direla gogorarazi zuten. Horregatik zioten, egun "beste aterabide batzuk" behar dira.

Mobilizatzen segitzeko deia 
Aurrerapauso gehiago eman ahal izateko, ezinbestekotzat jo zuten indarrean segitzen duten salbuespenezko neurriak indargabetzea. Espetxe eskumenen eskuratzea gakotzat jo zuten. Bestalde, konponbide oso horretan, "biolentzia ezberdinen biktimen aitortzaren" alde egin zuten. Eremu politiko eta judiziala izango da errealitate hau eraldatzen jarraitzeko jokalekua Sareren esanetan, baita mobilizazioen bidea ere. Duela bi asteburu "Puzzlea Osatu arte" dinamika bideratu zuen Sarek, erregimen itxian segitzen dutelako, hala egin izan ez duten presoek etxerako bidea egin dezaten aldarrikatzeko. 29 herrietako 58 preso daude egoera horretan, usurbildarrik ez da tartean. Usurbilgo Sarek deitutako hurrengo elkarretaratzea, ostiral honetan, maiatzaren 30ean 20:00etan Mikel Laboa plazan.