Azken orduotako giro beroaren ostean, ohikoa den legez, ekaitza leher daiteke. Ondorioz, abisu horia ezarri dute ostiral arratsalde honetarako. Prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara 15:00-21:00 artean. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki mendebaldean. Zaparradekin batera txingorra (2-3 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-90 km/h)".
Astebururako iragarpena
Giro honekin, gaur, hilaren 30ean, Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da; arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gauetik aurrera zaparrada trumoitsuak egingo ditu, zenbait tokitan baliteke handiak izatea, txingorrarekin eta haize-bolada gogorrekin. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da eta goizean brisa altxatuko da. Eguerdi inguruan haizeak ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorrekin arratsaldetik aurrera. Tenperatura maximoek berdin jarraituko dute edo gutxi igoko dira, nahikoa zenbait tokitan".
Larunbatean, "zerua hodei gutxirekin egongo da, tarte hodeitsuekin goizaldean. Arratsalde-gauean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gauetik aurrera baliteke zaparrada trumoitsuren bat egitea. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerdi inguruan ipar/ipar-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura minimoetan, aldaketarik ez. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Igandean, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki goizaldean eta arratsalde-gauean. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.