Usurbilgo alkate ohi Martin Larrañaga zendu da

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 30a, 18:13

1983-87 urte artean Usurbilgo alkate izandako Martin Larrañaga Bajineta zendu da.

Ostiral arratsalde honetan hileta kanpaiak entzun ahal izan dira Usurbilgo erdigunean. Azken minutuotan jakin denez, Martin Larrañaga Bajineta zendu da, Usurbilgo alkate ohia. 1983-87 urte artean izan zen Usurbilgo alkate, EAJ alderdiaren izenean. Aurretik, aurreko legealdian alderdi bereko zinegotzi ere izan zen Larrañaga. Gerora, udal hauteskundeetarako EA-ko hautagaien zerrendan parte hartu zuen Larrañagak.

Duela minutu gutxi, egungo Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, albiste triste honen berri ematearekin batera, sare sozialen bidez omendu nahi izan du alkate ohia. "Mila esker herria egiteagatik eta lurrak goxo har zaitzala!", adierazi dio sare sozialen bidez.

Artzetarren ohitura berpizten lehena
Argazkia hain zuzen, jendaurreko ekitaldi batean parte hartu zuen azken aldikoa da. Iazko azaroan atera genuen, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko Txalaparta Festa ospatu zen egunekoa da hain zuzen. Larrañaga ageri da Salbatore elizako kanpandorreko ezkilak jotzen. 1996an galdutako herri ohitura berreskuratzeko ohorea izan zuen Larrañagak iragan azaroaren 9an.

Garai batean, 1980an hasi eta 1996ra arte urteko egun seinalatuetan Artzetarrek abiarazitako ohitura, galdua zena berreskuratu zuen egun hartan, ohorezko gonbidatuekin, gainera. Ezkilak jotzeko ohitura berreskuratzen lehena, Martin Larrañaga izan zen aipatu moduan. Usurbilgo alkate ohia izan zen  1996an, ohitura hau galtzear zela, ezkilak jotzen ibili zen azkenetakoa.

Berarekin batera aritu ziren zeregin berean eta eman zioten hasiera ofiziala Txalaparta Festari, Iker Muguruza eta Jurgi Fuentes herrikide eta Jexux Artze K.E.-ko kideek.