Udako oporraldi aurreko azken txanpan sartu gara ekainean murgiltzearekin batera. Urte garai horretako etenaldira heldu aurretik, hamaika hitzordu izango ditugu trantsizio asteotan. Izan ere, 2024-25 ikasturtea agurtzeko garaia izango da honako hau. Hala, Zubietako eskolak asteotako Udaberri Festaren amaiera iragarri du astebururako, edota Udarregik aurtengo Ikastola Eguna.
Euskaltegiak asteazken honetan, ekainaren 4an, 3. Etumeta Literatura Lehiaketako sariak banatuta agurtuko du ikasturtea. Orbeldi Dantza Taldeak dantza poteo batekin hilaren 13an, Kantu Taldeak hilaren 22an Tafallan Euskal Herria Kantuz Egunarekin. Asteleheneko entsegu saioak baliatzen ari dira hitzordu hori prestatzeko.
Sutegi udal liburutegiak bi solasaldi programatu ditu; lehenengoa gaurko, Karmele Jaioren “Orain hilak ditugu” poesia-liburuari buruzkoa; bigarrena eta azkena, 11 urtetik gorakoentzat hilaren 12an Idoia Garzesen “Kukuaren kantua” liburuaren bueltakoa.
Zumarte Musika Eskolak ekitaldi zikloa antolatu du bere 40. urtemugako ikasturtea agurtzeko; abesbatza eta instrumentu talde ezberdinen emanaldiak iragarri ditu asteazken honetan hasita hurrengo astera arte. Urteurreneko zikloa borobiltzeko, ibilaldi musikatua antolatu dute hilaren 14an.
Jai girorantz
Ekaineko bigarren hamabostaldian, nagusiki uda parteko hitzorduetan murgiltzen hasiko gara. Hasteko, Jakin Jardunaldia antolatu dute Jakinek berak, UEU-k eta Usurbilgo Udalak ekainaren 19an eta 20an. "Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" izango du izenburutzat. UEU-ren 53. udako ikastaroen baitan eskainiko da jardunaldi hau baita paraleloki egingo den "Irizpide agroekologikoak definitu eta gizarteratzeko tresnak: Berme Sistema Parte-hartzaileak" udako ikastaroa ere. Aurrez matrikulatu ahalko zarete hitzorduotarako ueu.eus atarian.
Uda hastearekin, bestalde, ezin ahaztu festez. Ohi bezala, jaien denboraldia Kalezarren hasiko dugu, festa egun gehiagorekin aurten. Izan ere, ekainaren 19an eta hilaren 24an amaituko dira. Iñaki Agirresarobe herrikideak San Juan suaz prestaturiko diaporama batekin ekingo zaie festei. Auzotarrak lehian jarriko dituzten herri kirolek, kontzertu gauek, oilasko biltzaile txikiek, haurrei zuzenduriko ekintzek, San Juan bezperako eskeak edota San Juan eguneko ospakizunek osatuko dute auzoko festen antolakuntza taldeak osaturiko egitaraua.
Kalezarren lekukoa hartuko du uztailan sartu bezain laster Usurbilek. Uztailaren 1etik 6ra ospatuko dira herriko festak. Xehetasunak, ordea, ekainean ezagutuko ditugu. Iaz bezala, hilaren 16an aurkeztu ditu nondik norako nagusiak jai batzordeak jendaurreko ekitaldi bidez.
Uxue Trail
Usurbilgo festez ari garela, aurten ohi baino lehenago, ekainaren 30ean ekingo zaio NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasi. Izena emana duten 200etik gora 4-12 urte arteko gaztetxoen guraso bilera ekainaren 17an egingo da.
Amaitzeko, ekainak elkartasunari ere tartea egingo dio. Izan ere, bosgarren Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa antolatzen ari dira ekainaren 15erako, Uxue herrikidearen gaixotasun arraroa ezagutzera eman eta haren ikerketaren aldeko laguntza biltzeko. Izena eman nahi dutenek kronoak.com atarira jo beharko dute. Lau moduotan parte hartu ahalko da ekimen solidario horretan:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa: donazioa.