EH-ko Pentsiodunen Mugimendua

"Guk egin dugu", Eusko Jaurlaritzako agintariek zer erabakiko zain

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 3a, 08:45

Hilabeteotan bildutako 145.142 sinaduren babesarekin sustaturiko Herri Ekimen Legegilea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua eta bozkatua izateko ahalegin betean segitzen du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.

Maiatzaren 15ean, urte hasieraz geroztik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bildutako 145.142 sinadura (524 usurbildarren atxikimendu tartean) aurkeztu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean, "beharrezkoak baino hamabost aldiz gehiago, gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100eraino osatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea EAEko Legebiltzarrean izapidetzeko onar dadin".

Urte hasieratik sustaturiko Herri Ekimen Legegilea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatzea onartua izan dadin abian jarritako ekimenak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik aditzera eman dutenez, dagoeneko EHBildu, Sumar eta PPren babesa du. Aldiz, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek oraindik "ez dute erabaki" zer egin. Horregatik, bi eragile politiko horiei eskatzen diete "erakutsi dezatela herritarrek gai publikoetan parte hartzea oinarrizkoa dela, gizarte demokratikoa eraikitzeko eta pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko".

Lehendakariarekin biltzeko eskaria
Pentsiodunen mugimenduaren esanetan, "bietako baten" babesa beharrezkoa da Herri Ekimen Legegilea tramitatzen segitzeko. Horren harira, Imanol Pradales lehendakariarekin biltzea eskatua dute bi helbururekin; batetik, Herri Ekimen Legegilea babesteko aipatu herri mugimenduak hilabeteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jasotako 145.142 sinaduren babesa aurkezteko eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrak "tramitazioari babesa eman diezaiola" galdegiteko.

Lehendakaritzatik gutuna jaso dutela eta bilera hitzartzeko prestasuna adierazi diete eta positibotzat jo dute jarrera hori, baina ohartarazi dutenez, "hortik ezin da ondorioztatu bere jarrera HELa izapidetzeko urratsa onartzea denik". Horregatik diote, "guk egin dugu" baina "gobernu eta legebiltzarra, zuek zer egingo duzue?".

Tramitazio horrek aurrera egitea ukatzea, "ulertezina eta antidemokratikoa" litzateke pentsiodunen mugimenduarentzat.

Ekimenaren hedapena
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hilabeteotan bideraturiko Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketak ikusmina sortu du Euskal Herritik kanpo ere. "Beste autonomia erkidegoren bateko pentsiodunen plataformak animatu ditu beren lurraldean antzeko ekimen bat sustatzera. Deigarria egin zaie, alde batetik, HELean jasotako eskaerak duen gizarte-akordio zabalaren adierazgarri gisa bildutako sinaduren dimentsioa; eta, bestetik, euskal gizarteko pertsona erreferentzialek, sindikatuek, gizarte-kolektiboek eta erakunde feministek eman duten sostengua".