Zikiro janerako txartelak
Gerturatzen doaz Usurbilgo jaiak. Uztailaren 1etik 6ra ospatuko dira aurtengoan, harrera jendetsua izan ohi duten ekitaldiekin; tartean, zikiro jana egingo da hilaren 5ean, larunbatez. Adi, txartelak, ohi bezala, aurrez, ekainaren 15ean jarriko dituzte salgai 12:00etan Aitzaga elkartean. Helduek 30 eurotan eta gazteek zein langabetuek 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte.
Jaien aurkezpena
Usurbilgo festetarako hilabete baino gutxiago geratzen da une honetan. Xehetasunak, ordea, lehenago ezagutuko ditugu. Izan ere, iaz bezala, jai batzordeak jendaurrean aurkeztuko ditu festen nondik norako guztiak. Ekainaren 16an izango da, arratsaldeko 18:00etan. Bertan aurkeztuko dute hilaren 1etik 6ra izango diren festen nondik norako nagusien berri.