Zubi berria du Usurbilek, herria tren-geltoki berriarekin lotuko duena

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 4a, 10:26

Bart jarri dute, herria tren-geltoki berriarekin lotuko duen zubia.

Lotune berria du Usurbilek, bart jarri dutena, oraindik erabilgarri egongo ez den arren. Etxealdiko zubi berria ikusgai duzue jada irudiotan, baita herrikide batek zubia jartzeko unean atera eta bidalitako irudiak. Komunikazio bide horixe izango du aurrerantzean herri honek, Usurbilgo erdigunea, Atallu, Santuenea eta haien tartean kokatuko den tren-geltoki berrirako joan-etorrietarako.

Aurreikusi moduan, bart jarri dute. Horretarako, segurtasuna bermatzearren, N634 errepidea itxita egon da astearte gau honetan Etxealdia inguruan. Halako trafiko etenaldi gehiago izango dira aurrerago (noiz, zehazteke) Eusko Trenbide Sareak Usurbilgo Udalari ohartarazia dionez. Izan ere, "zubiaren zoruko hormigoia bota eta pasabideari lotutako lanak amaitzeko" beharrezkoa izango da errepide hau ixtea.

Nasa berria uztailerako prest
Berriki, Eusko Jaurlaritzatik Usurbila eginiko bisitan iragarri zutenez, beranduenez jota, 2026. urte hasierarako martxan egon daiteke Usurbilgo tren-geltoki berria, baldin eta garaiz amaitzen badira eraikitze lanak. Lanok "martxa onean" doazela berri eman zuten. Orduan iragarri zuten moduan, "tren-geltokiko hegoaldeko nasa berria ere laster jarriko da martxan: ETSren aurreikuspenen arabera, uztailaren 11tik 13rako asteburuan izango da hori. Eguna gerturatu ahala, seinaleak jarriko dituzte aldaketaren berri eman eta behin-behineko sarbide berria non izango den adierazteko".

Abuztuan, San Esteban kaleko urbanizazio lanen bigarren fasea
Etorkizuneko geltoki berria irisgarria izango da, eraikiko duten Etxealdiako zubi berria igogailuen bidez komunikatua egongo baita geltoki berriarekin eta Atallu aldearekin. Izan ere, orain arteko trenbideko pasabidea ezabatu eta N634 errepide gaineko zubi berria Atalluraino luzatuko dute. Zubi horretara herri erdigunetik, San Esteban kaletik behera heldu ahalko gara orain arte bezala.

Kale honen lehen urbanizazio lanak gauzatuak daude, baina zubi horretatik gertuen dagoen eremua egokitu eta urbanizatzea geratzen da. "Udala eta ETS elkarlanean ari dira, elkar eragiten duten obra bana dutelako. ETSren geltoki berriak baldintzatu ditu udalaren San Esteban kalearen urbanizazio eta egokitzapen lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuaren erdialdera hasi ahal izango du San Esteban kaleko lanekin, eta urrian amaituta egon daiteke. Geltoki berria, berriz, urte amaiera eta 2026 hasiera artean irekitzea aurreikusten du ETSk".