Udalbatzak iragan ostegunean hartutako erabakiarekin osatu da 2026ko usurbildarren jaiegunen egutegia. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak udaberriko oporraldiaren aurretik zehaztu eta erabaki zuen 2026. urterako jaiegunen egutegia. Baina egutegi horrek beste bi jaiegun zituen zehazteke; batetik, Gipuzkoa mailakoa, Foru Aldundiak erabaki beharrekoa eta udalerri mailakoa. Kasu honetan, azken hori Udalari dagokio hautatzea, zehazkiago esanda, udalbatzari.
Udal ordezkariak batzen dituen bilguneak erabaki du. Urtero moduan, 2026ko Usurbilgo jaieguna uztailaren 2a izango da, herriko festen egun nagusia, Santixabel eguna, honenbestez. Hala erabaki zuten udal ordezkariek aho batez, maiatzaren 29ko osoko bilkuran.
Aldaketarik ez
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartua du, aipatu moduan, hurrengo urterako jaiegunen egutegia. Guztira, hamabi jaiegun izango ditu hurrengo urteak, aurtengoak bezalaxe; ohi bezala, Espainiako naziotasunari edota erlijio katolikoari lotutako ospakizunek emango digute jai 2026an ere.
Gabonetan izango direnez gain, martxoaren 19aren bueltan, edota abendu hasieran zubia egokituko da.
2026ko jaiegunen egutegia
Urtarrilaren 1a (Urteberri Eguna).
Urtarrilaren 6a (Errege Eguna).
Martxoaren 19a (San Jose Eguna).
Apirilaren 2a (Ostegun Santua).
Apirilaren 3a (Ostiral Santua).
Apirilaren 6a (Pazko bigarrena edo astelehena).
Maiatzaren 1a (Langileen Eguna).
Uztailaren 25a (Santiago Eguna).
Abuztuaren 15a (Jasokunde Eguna).
Urriaren 12a (Espainiako Egun Nazionala).
Abenduaren 8a (Sortzez Garbiaren Eguna).
Abenduaren 25a (Eguberri Eguna).
Horrez gain:
-Udalerri mailako jaieguna: uztailaren 2a.
-Gipuzkoa mailako jaieguna: Foru Aldundiak erabaki behar du. Aldaketarik ez bada, uztailaren 31n izango da.