Zumartek 40 urte

Sutegi, Zumarteko ahotsen oholtza

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 4a, 19:48

Berrogeigarren urtemuga ospakizunen azken txanpan den Zumarte Musika Eskolak abesbatzen kontzertua eskaini du asteazken honetan Sutegin.

Azaroaz geroztik, 40. urtemugako ospakizunen ziklo betean da Zumarte Musika Eskola, epealdi horren azken txanpan jada. Ekainaren 14an borobilduko dute ibilaldi musikatu berezi batekin.

Aurretik, ikasturte amaierako emanaldiak eskaintzen ari dira asteotan musika eskolako taldeak. Asteazken honetan, ekainaren 4an, abesbatzek hartu dute hitza Sutegi kultur-etxeko auditorioan. Oholtzatik abesten aritu dira 12 urtera arteko gaztetxoak biltzen dituen Zumarte Txikikoak, 13-16 urte artekoen taldekoak eta adin tarte horretatik gorakoak.

Doinu eta abesti estilo ezberdinetan aritu dira kantuan kultur-etxeko auditorioa bete duten ikus-entzuleen aurrean. Albiste honi atxikitako irudietan jaso dugu emanaldia.

Adi, Zumartekoen datozen deialdiei:

Zumartek 40 urte
Ekainak 8, igandea
12:00 Altsasu-Usurbil Saxo taldearen kalejira.

Ekainak 12, osteguna
18:30 Kantu modernoko ikasleen kontzertua Sutegin.

Ekainak 14, larunbata
11:00-13:00 40. urtemugako ibilaldi musikatua. Kalejira eta gune desberdinetan emanaldiak: Potxoenea, Artzabal, Sagardoaren Plaza, Kale Nagusia 10 pasabidea, Olanoenea eta Zumarte.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.