2025-26

Herriko kirol taldeak hurrengo denboraldira begira

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 5a, 15:20

Usurbil K.E.k. eta Usurbil F.T.-k hurrenez hurren sustaturiko Eskubaloi eta Futbol Eskoletan izena emateko epealdia ireki dute. Bestalde, boleibol taldeak ate irekien egunak antolatu ditu hurrengo asterako. Deialdi hauei guztiei buruzko xehetasunak lerrootan dituzue.

Eskubaloi Eskola
Eskaintza berrituko du Usurbil Kirol Elkarteak 2025-26 ikasturtean. Izan ere, eskubaloi taldeen bilgunetik iragarri dutenez, Eskubaloi Eskola sortu asmo dute. NOAUA!ri aurreratu diotenez, aurrez errendimendu mailako alebinekin egin izan dute halakorik. Aurrerantzean, uda ostean, apustu hau sendotu asmo du Usurbil K.E.-k. “Eskubaloi eskola honetan, haurrek eskubaloiaz gozatzeko eta talde giroan ondo pasatzeko aukera izango dute”. 2014-17 urte artean jaiotakoei zuzendua egongo da.

“Ikasturtearekin batera hasiko ginateke eskubaloiko entrenamendu hauekin eta astero entrenamendu bat izango lukete, ostiraletan 16:45-17:45 artean. Horrez gain, hilabetean behin, partida bat jokatuko dute beste klub baten aurka”. Izena emateko epealdia zabaldu du Usurbil K.E.-k. Horretarako, ekainaren 27a baino lehen osatu beharko da galdetegi hau: https://forms.gle/YhCaSr6Fe7Tszay1A

Futbol Eskola
2025-2026 denboraldiari begira, Usurbil FTk Futbol Eskolan izena emateko epea ireki berri du. "LH 3 eta LH6 bitarteko haurrentzat dago zuzenduta", prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez. "Futbol Eskola ezagutzen ez duten familia berrientzat bilera bat egingo da ekainaren 12an (osteguna). Bilera Harane futbol zelaian izango da, 18:00etan, eta bertan azalduko dira Futbol Eskolaren nondik norakoak eta izena emateko zer egin behar den".

Ate irekien egunak boleibolean
Emakumezkoen Euskal Ligan talde berria dutela jakinarazi dute Usurbilgo Boleibol taldetik. Ate irekien egunak antolatu dituzte hurrengo astean:
Euskal Liga 2 neskak eta Gipuzkoako jubenil femeninoa:
• Ekainak 11 (16:30/18:30)
• Ekainak 12 (17:00/19:30).
Izena emateko 693 240 235 telefono zenbakira deitu behar da. Informazio gehiago usurbilboleibola@gmail.com helbidean jaso daiteke edota Oiardo kiroldegian.