Aurpegi ezagunek bat egin dute Uxue Trail lasterketa solidarioarekin

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 5a, 15:41

Ekainaren 15ean izango den mendi lasterketa solidarioaren bosgarren edizioan izena emateko epealdiak zabalik segitzen du.

Ekainaren 15ean egingo den bosgarren Uxue Trail Mendi Lasterketa solidariorako hamar egun baino ez dira geratzen. Edizio honetan izena emateko epealdiak zabalik segitzen du. Antolatzaileak, ekimen solidarioarekin bat egin duten hainbat pertsona ezagunen atxikimenduak bildu dituzte sare sozialen bidez.

Esther Arrojeria eskubaloi jokalariak parte hartzeko deia egin du. "Ziur beste urteetan bezain ondo pasako dugula eta giro zoragarria izango dugula. Animatu!", egin du gonbita Kalezarkoak.

Ildo beretik mintzatu dira baita Euskal Telebistako Conquis lehiaketako bi parte hartzaile ohi: Mikel Arruti eta Unai Gomez. Bosgarren edizio honekin ere bat egiteko deia egin dute, nahieran; lasterka eginez, paseatuz edota dortsal solidarioa eskuratuta.

David de Jorge eta Martin Berasategi sukaldariek ere "parte hartu!" egin dute gonbita. "Bakarka, familian edo lagunekin egiteko aproposa" dela deritzote. Dortsal solidarioen ekimenarekin ere laguntzea eskatu dute.

"Uxue zaindu nahi dugun herri bat"
Herrira itzulita, hainbat familia eta lagun kuadrilek ere babestu dute Uxue Trail, iaz Ixaksonak taldeak sortutako kantaren erritmora (koreografia zumba gazte taldekoek sortu zuten). Paseatzera animatzen dute. "Guk bai eta zuk? Parte hartuz ikerketa aurrera daramagu", gogorarazi dute.

Azkenik, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ere mendi lasterketa solidarioaren bosgarren edizio honetan parte hartzeko deia egin du. Bere esanetan, "ekimenak lortu du toki esanguratsu bat izatea Gipuzkoako eta Euskal Herriko kirol agendan". Gogorarazi duen moduan, iazko laugarren edizioak 600 partaide baino gehiago erakarri zituen. Ildo beretik, aurreikusi duenez, "seguru nago aurtengo edizioak ere marka guztiak hautsiko dituela". Halere, kirol hitzordu soil bat izatetik haratago, mendi lasterketa horren izaera solidarioa nabarmendu du Solaberrietak. "Usurbilgo herriaren nortasun ikurraren parte da elkartasuna eta hori erakusten dugu urtez urte, Uxue Trail mendi lasterketan".

Usurbil herri zaintzailea izateko egiten ari den bidean kokatu du ekimen hau. "Lanean ari gara elkar zaintzen duen komunitate bat izateko. Seguru nago ekainaren 15ean berriro ere horixe erakutsiko dugula, bere herrikideak zaintzen dituen herri bat garela; kasu honetan, Uxue zaindu nahi dugun herri bat garela. Animatu parte hartzera eta elkartasuna erakustera", animatu du alkateak.

Sentsibilizazioa eta ikerketa
Gogoan izan, "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko" hasi ziren antolatzen ekimen hau 2019ko uztailean. Sentsibilizazioa sustatzez gain, aipatu eritasuna ikertzeko laguntza bildu ohi dute, lasterkarien izen-emateen bidez baita dortsal solidarioaren bidez ere.

Ekainaren 15ean modu batean zein bestean parte hartu ezin duenarentzat ere dortsal solidarioa aukeran du; diru ekarpen bat egin dezake Phelan-McDermid Sindromea ikertzen laguntzeko. Antolakuntzak 500 kilometro (kilometro bat, euro bat) solidario osatzeko erronka jarri du.


5. Uxue Trail
Eguna: ekainak 15, igandea.
Ordua: 09:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Izena ematea: ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte, kronoak.com atarian. Egunean bertan ere eman ahalko da izena.
Tarifak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa: donazioa.
Oharra: egunean bertan izena eman ahalko da, 5 euro gehiagoren truke.
Informazio gehiago: 22q13.org.es