Buruntzaldea euskaraz

"Euskaraz bizi den edonork erraz egingo du"

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 5a, 16:38

Buruntzaldeko udalek 400 euroko sariak zozketatzen dituzte, alor hau euskalduntzeko xedez, gidabaimena hizkuntza berean ateratzen dutenen artean. Maiatzean eginiko zozketako Usurbilgo saritua, Jon Howick Iriberri izan da.

Gidaibaimena euskaraz ateratzeak saria izaten du Buruntzaldean; 400 eurokoa hain zuzen, Buruntzaldeko udalek alor hau euskalduntzea sustatzeko bideratu ohi duten kanpainaren baitan. Alor honetan ere euskararen erabilera sustatzeko eginiko ahalegina aintzakotzat hartu nahi izaten dute urtero egiten duten zozketarekin. Eskualdeko sei udalerrietako bakoitzean (Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen) kokaturiko autoeskola kopuru adina lagun saritzen dituzte. Usurbilen autoeskola bakarra egonik, saritu bakarra izaten da zozketa horretan; aurtengoa, Jon Howick Iriberri izan da. Interesdunek egitasmoari buruzko xehetasun gehiagoren berri jaso dezakete, eskualdeko autoeskoletan eta udaletxeetan edota baita online ere, euskara.buruntzaldea.eus atarian eta haren sare sozialetan.

Zergatik erabaki zenuen gidabaimena euskaraz prestatzea?
Jon Howick Iriberri: Betidanik euskaraz bizi izan naiz. Orduan, sari hau egokitu zitekeela jakin gabe, logikoena zen gidabaimena baita hizkuntza berean prestatzea.

Nola moldatu zinen zati teorikoa prestatzeko?
Nire aldetik prestatu nuen etxean. Testak ikasten hasi nintzen. Zalantza teknikoren bat izanez gero, Interneten begiratzen nuen.

Zati praktikoak euskalduntzeke segitzen du. Nolakoa da hizkuntza aldaketaren jauzi hori alderdi teorikotik praktikora?
Klaseak euskaraz izaten nituen elkarrizketa aldetik. Jarraibideak gazteleraz jasotzen nituen ohitzen joateko. Izan ere, aztertzaileak normalean ez dira euskaldunak izaten. Ondo legoke haiek euskaraz jakitea eta, hartara, azterketa praktikoa euskaraz izatea. Baina oraindik zaila da, aztertzaile gutxi dago orohar eta asko Euskal Herritik kanpokoak dira. Entzun izan dut baten bat badela euskaraz dakiena baina gutxi daude.

Aztertzaile falta egon izan da aurreko urteetan. Atzerapenik eragin dizu zuri?
Pandemia ostean, klaseak hasteko itxaroteko denbora asko luzatu zen. Baina zortea izan nuen. Unibertsitateko klaseak arratsaldez izaten nituenez, gidabaimenaren zati praktikoa prestatzeko saioak goizez izan nitzakeen eta hartara, hilabete eta erdi murrizten zen itxaronaldia.

Gidabaimena zertarako atera nahi zenuen?
Gehienbat askatasun pixka bat izateko, autonomia gehiago, beti gurasoei hara eta hona eramatea eskatzen ez ibiltzeko. Entrenatzera joateko baliatu nahi nuen gidabaimena. Golfean aritzen naiz eta Andoainen entrenatzen dut. Beste zereginetarako garraio zerbitzu publikoa balia dezaket, baina kasu horretan, entrenamendu lekua mendian egonik, ibilgailua derrigorrezkoa da. Gainerakoan, arreba gazteagoa izan, ezin duenez gidatu eta denbora libre gehiago dudanez, haien ordez norabait eramateaz neroni arduratzen naiz.

Golfa zaletasun moduan praktikatzen duzu?
Txikitatik ibili izan naiz. 4-5 urterekin hasi nintzen. Izan nuen garai bat gehiago lehiatzen nintzena Euskadi mailan, saiatzen nintzen Espainiara sailkatzen. Ez zitzaidan batere gustatzen ingurua, lehiakorregia zen. Egun, lehiatzen segitzen dut baina zaletasun gisa praktikatzen dut, ondo pasa eta jendea ezagutzeko.

Zergatik aholkatu gidabaimena ateratzerakoan hizkuntza gisa euskara hautatzea?
Euskaraz bizi den edonork erraz egingo du euskaraz. Zure onerako bada eta, bide batez, euskararen erabilera bultzatuko duzu.

Saria lagungarria ere bada, gidabaimena ateratzea ez baita merkea.
Ikasten ari naiz eta oso lagungarria da.