Asteburuan Usurbilgo Pilota Txapelketa eta zubietarren errebote partida Alderdi Ederren

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 08:34

Bi hitzordu, asteburuko kirol agendan. Batetik, Usurbilgo Pilota Txapelketako neurketak jokatuko dira ostiral honetan frontoian. Bestalde, igandean, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren 100. urtemugaren harira, errebote neurketa berezi bat jokatuko da, non eta Donostiako Alderdi Ederren. Zubietarrek parte hartuko dute partida horretan.

Usurbilgo Pilota Txapelketa
Ekainak 6, ostirala
18:30 Jubenilak
Zabala- Alejo
Aburuza- Elola

Nagusiak (Final 1/4)
Santxo- Urruzola
Cestau- Erasun

Salcedo- Lazkoz
Alberdi- Albeniz


Zubietarren errebote partida Donostiako Alderdi Ederren
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak betetako ehun urteen harira, errebote partida historikoa antolatu dute ekainaren 8an Donostiako Alderdi Ederren. "Errebotearentzat egun historikoa izatea nahi dugu", adierazi dute antolatzaileek. Ezohikoa izango da igandean, ekainaren 8an zubietarrek jokatuko duten errebote partida, bereziki kokalekuagatik. Izan ere, Donostiako udaletxe ataria, Alderdi Eder erreboterako jokalekuan bilakatuko dute igande honetan. "Bi pareta erraldoi altxatuko dira Kontxa hondartzaruntz eta Hernani kaleruntz, eta 70 metro luze eta 12 metro zabal izango duen Errebote Plaza eraikiko da Alderdi Ederren", berri eman dute antolatzaileek.

Erronka handi hau Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatu du. Ehun urte bete ditu aurten. Urtemugako ekimenen artean dago ekainaren 8ko hitzordu hau. Bertan parte hartuko dute Villabonako Behar Zana, Oiartzungo Txost eta Zubieta taldeko errebote jokalariek. "13 jokotara izango da aurrez aurrekoa, "nahiz eta geldiune batzuk izango dituen, jai giroan", antolatzaileen esanetan.

Izan ere,
"Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek eta Igeldoko trikitilariek girotuko dute erakustaldia. Eta Anoetako Otero Pilotagileak eta Sarako Eskutik Kooperatibak euren postuak jarriko dituzte eta pilotak eta xisterak nola egiten dituzten erakutsiko dute".

Igande goizeko 10:00etan finkatu dute biltzeko hitzordua Donostiako Bulebarrean. "Kalejiran joango gara guztiak Alderdi Ederrera. Beroketak egin eta bertsolarien agurrarekin emango diogu hasiera jaialdiari, 11:00ak aldera", antolatzaileen arabera.

Mendeurrenarekin bat
Urtarrilean aurkeztu zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bere mendeurreneko ekimenen zikloa, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Hitzorduak federazioko kideak, udalerrietako pilota elkarteak, babesleak edota hainbat erakundeetako ordezkari batu zituen; haien artean zen, esaterako, Usurbilgo zein Zubieta Pilota Elkarteko ordezkaritza bat edota Usurbilgo Udala. Udala hain zuzen, mendeurreneko ospakizunen babesleen artean egongo da. Pilota federazioa, bestalde, Zubietako errebote plazako garai bateko neurketa baten argazki bat baliatzen ari da, gipuzkoapilota.eus atarian ziklo honi eskainiko dion atalaren azalerako.

Aurtengorako asmoa, "urteko guztiko festa" izatea da. Horregatik, hilero ekintzak izango dira abuztura arte.