Jakin Jardunaldia

"Jardunaldien bidez gogoeta guneak sortu nahi ditugu"

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 19:52

Ekainaren 19an eta 20an Artzabalen egingo den "kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" izeneko Jakin Jardunaldia aurkeztu dute haren antolatzaileek gaur Donostian. UEUren udako 53. ikastaroen baitan eskainiko da. Jardunaldion ardatzak zeintzuk diren azaldu dute.

Jakin Jardunaldia, Jakinek berak, Usurbilgo Udalak eta UEU-k antolatu dute elkarlanean. Bederatzigarren edizioa dute aurtengoa. Jardunaldia bera UEU-k antolaturiko udako ikastaroen baitan eskaintzen da. 53. urtea dute jada ikastarook. Duela hiru urte mende erdia betetakoan, inflexio une garrantzitsua izan zela oroitu du ikastaroon arduradun Irati Iciar Madinabeitiak gaur goizeko agerraldian. Duela hiru urte, "gure buruari galdetu genion XXI. mendeko udako ikastaroak nolakoak" nahi zuten izatea, zer helburu bete nahi zituzten.

Testuinguru hartan, hiru ardatzen bueltan lan egitea erabaki zuten. Argi zuten batetik, Usurbilen bederatzigarren aldiz egingo duten moduan, jardunaldiek osatuko zutela uda parteko eskaintza. Hala egin dute azken hiru urteotan, "jardunaldien bitartez gogoeta guneak sortu nahi ditugulako, euskal gizarteari galderak, gaiak proposatu".

Horrez gain, "jardunaldiak lankidetza eta elkarlanerako oso formatu egokiak" direla adierazi du UEUko ordezkariak. Jakin Jardunaldia da horren adibideetako bat baina ez bakarra. Askotariko eragileekin aritzen da UEU lankidetzan. "Jardunaldi guztiak lankidetzan egiten ditugu". Ildo horretan, urtero ekainean Usurbilen Udalarekin eta Jakinekin bideratzen dutena, "udako ikastaroetan oso ondo kokatzen den lankidetza bat da", Iciarren esanetan.

Aurrez aurre eta euskaraz
Nabarmendu duen udako ikastaro hauen egungo bigarren ardatza, presentzialtasunarena da; alegia, "aurrez aurrekoak dira udako ikastaroak. Garrantzitsua iruditzen zaigu hau ere azpimarratzea, UEU badelako erreferente bat onlineko irakaskuntzan baina udako ikastaroak aurrez aurrekoak dira nahi dugulako gure komunitatea bildu, topagune horiek sortu, azkenean gure komunitatea kilometro gutxiren inguruan dugulako eta aurrez aurreko harreman horretatik ere lankidetza horiek ere sendoagoak eta bizigarriagoak direlako".

Nabarmendu duen hirugarren eta azken ardatza, euskararena da. "Euskara hutsean egiten den eskaintza da udako ikastaroena. Nolabait esaten dugu, arnasgune akademiko bat ere bagarela, euskaraz eroso, estres linguistikorik gabe bizitzeko guneak ere badirela".