Jakin Jardunaldia

"Aukera ederra izango dugu kooperatibismo eraldatzaileaz aritzeko"

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 19:34

"Kooperatibismo eraldatzaileaz jardungo dugu, ekonomia soziala eta proiektu publiko komunitario kooperatiboak ardatz harturik", aurreratu du Usurbilgo alkateak, ekainaren 19an eta 20an Artzabalen egingo den Jakin Jardunaldiaren gaurko aurkezpen agerraldian.

"Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" izeneko Jakin Jardunaldia aurkeztu dute ostiral goiz honetan, ekainaren 6an, Donostian, haren antolatzaile UEUk, Jakinek eta Usurbilgo Udalak. Lankidetza honen bederatzigarren edizioa dute aurtengoa. "Oraingoari ere ilusioz heldu diogu. Beti esaten dut oso erraza dela Jakinekin eta UEUrekin lanean aritzea , beti ikasten dut pilo bat", nabarmendu du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Usurbilgo herriarentzat ere jardunaldi hau bertan egitea eta bi egunez, "gure herria herri unibertsitate baten topagunea" izatea "luxua" dela adierazi du. Halako jardunaldiak ezinbestekotzat jo ditu "udalgintzan, herrigintzan edo euskal herrigintzan ari garenontzat, elkarrekin hausnartzeko, aritzeko eta aurrera begirakoak ere zehazteko".


Urtero gaurkotasun gaiak jorratzen ditu Jakin Jardunaldiak eta aurtengoa ez da salbuespena izango, "oso mamitsu eta seguru emankor datozela aurtengoak" ere, alkatearen esanetan. Ekainaren 19an eta 20an Artzabalen leku hartuko duen Jakin Jardunaldian, "kooperatibismo eraldatzaileaz jardungo dugu, ekonomia soziala eta proiektu publiko komunitario kooperatiboak ardatz harturik", aurreratu du.

Maiz aipatu ohi den egungo garai konplexu eta aldakorren aurrean, ezinbestekotzat jo du "administrazioak bestelako eragile pribatu eta komunitarioekin lankidetzan aritzea". Elkarlan publiko komunitario horiek azkenaldian Euskal Herrian nola loratzen ari diren ekarri du gogora Solaberrietak gaurko agerraldian. "Guk Usurbildik arretaz begiratzen diegu proiektu horiei, guretzat ere badirelako proiektu inspiratzaileak, ezinbestean egiteko modu berrietan sakondu behar dugulako", nahiz eta gogora ekarri duenez, lankidetza publiko komunitarioak korapiloak sor ditzakeen. "Hor badago arriskua kontzeptuari berari mamia, edukia kentzekoa".

Horri guztiari buruz jardun asmo dute hilaren 19an eta 20an Artzabalen. Horregatik, lankidetza eredu horretan " ari garen, ari diren eragile guztientzat gonbita" luzatu nahi izan du alkateak. "Aukera ederra izango dugu kooperatibismo eraldatzaileaz aritzeko, Euskal Herrian martxan dauden gisa honetako egitasmo kolaboratibo eta kooperatiboak ezagutzeko eta egitasmo horiek guztiak saretzeko, oinarri bat ere ezarri nahi delako egunotan".