Jakin Jardunaldia

"Egitasmo publiko komunitario kooperatiboez gogoeta egin nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 19:18

Ekainaren 19an eta 20an Artzabalen egingo den bederatzigarren Jakin Jardunaldia, "kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" izenekoa aurkeztu dute ostiral honetan, ekainaren 6an Donostian haren antolatzaileek; UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak. Jardunaldiaren mamiaz mintzatu dira.

Jakinentzat hamaikagarren edizioa da honako hau, Usurbilen bederatzigarrena. Urteotako hiru eragileen arteko lankidetza goraipatu du Jakineko ordezkari Haritz Azurmendi Arruek, zer erraza den hiruko lankidetza hori, oraingoan sendotuko dena. Izan ere, "aurten pozik gaude, beste bi lankide berri batu zaizkigulako; Olatukoop eta HUHEZI". Gaineratu duenez, haien alorrean "lehen lerroan egote horrek ematen dien korapiloen eta sarearen ezagutza izanda, egitarau oso osatua antolatu dugulako" pozarren agertu da Jakineko kidea.

Eskertza bikoitza egin diete elkarlan horretara batutako bi eragileei, eginiko aurrelanketagatik eta jardunaldian bertan parte hartuko dutelako.

Kooperatibismoaren ekarpenaz hausnarketa
Lankidetzatik jardunaldien mamira igaro da gero Jakineko ordezkaria, gaurko aurkezpen agerraldian. Jorratuko duten gaia ez dela berria adierazi du. Aurreko edizio gehientsuenetan presente egon dela zioen "esperientzia kooperatiboren bat".

Aurtengoan, ordea, kooperatibismoaren alorrean orain arte hainbeste jorratu gabeko erronkei heldu nahi diete. "Galdetu nahi izan dugu zer eskaini dezakeen eredu kooperatibo honek bizitzak, lurraldeetako beharrak merkantilizaziotik haratago antolatzeko orduan. Zer ekarpen egin dezakeen, auzo, herri eta lurraldeetako ekonomiak herritarren beharrei begira antolatzerako orduan", azaldu du Azurmendik.

Testuinguru horretan, bi eguneko jardunaldirako arlo ezberdinetako esperientziak ekarriko dituzte: "herri kooperatibak, energia komunitateak, zaintza ekosistemak, elikagai burujabetzara bideraturikoak...".

Lankidetza honen beharra gero eta gehiago nabarmentzen dela aipatu du Azurmendik, eta horrek berarekin arrisku batzuk dakartzala: "kontzeptua lausotzeko arriskua" tartean eta horri heldu nahi diote datorren Jakin Jardunaldian; besteak beste, "nola ulertu behar diren arlo eta interes publiko eta pribatuak, politikoki, maila juridiko eta teknikoan". Horren harira, azaldu duenez, "saiatu gara Euskal Herri osoko proiektuak eta irakaspenak ekartzen. Jardunaldiak kooperatibismo eraldatzaileaz, eta egitasmo publiko komunitario kooperatiboaz gogoeta egin nahi du, bai maila tekniko eta pentsamendu oinarrietan ere".