Hamaika lan egin dituzte eta udako oporraldian murgiltzeko bi asteren faltan, egindakoa erakutsi dute gaur. Izan ere, Ikastolaren Eguna Udarregiko DBH-koek landutako proiektuak erakusteko baliatu dute. Eraikin gorriko erdiko aretoa salerosketarik gabeko azoka edo erakusleihoan bilakatu dute.
Eskuekin sortutako askotariko lanak ikusi ditugu, teknologia baliatuta eginikoak baita. Zientzia proiektuak; udalerriko airearen edota urak duen kalitatearen neurketen emaitzak aurkeztu dituzte; tartean, erraustegitik izandako isurketek kutsaturiko Arkaitzarrekakoak, Oria behekoak edota Aranerrekakoak. Emaitzak zehatzago laster plazaratzekoak dira.