Elkargunearen irudia duzue lerrootan, larunbat honetan, ekainaren 7an ospaturiko Ikastola Egunarena. Goizean, dantzan, jolasean edo urtean zehar egindakoa erakusten aritu ostean, bazkari baten bueltan bildu da Udarregi ikastolaren bueltako hezkuntza komunitatea. Jantoki handian bilakatu dute guztiek larunbat eguerdi parte honetan, Usurbilgo frontoia.
Izan ere, 500 lagun elkartu dira irudiotako otorduan. Iragan astean txartelak eskuratu zituztenek zuten hartua lekua pilotalekuko herri bazkaritan. Gurasoak, haur eta gazteak edota langileak batu ditu hitzorduak.
Aurreko urteen ildotik, auzolanean bideratu dute herri bazkaria. Herriko tabernariek prestaturiko menua dastatu dute. Gurasoak arduratu dira eremua egokitu eta zerbitzatze lanetaz. Emaitza, bistan duzuen ikastola eguneko festa giroa izan da.