Poteo ordu musikatua izan du Usurbilek igande eguerdi honetan, ekainaren 8an. Izan ere, herri honetako eta Altsasuko saxo taldeak bateratu dituen emanaldi ibiltariaz gozatzeko aukera izan dute tabernen bueltan zeudenek. Herri erdiguneko kaleetan barrena ibili dira.
Zumarte Musika Eskolak antolaturiko hitzordu honekin, bere 40. urtemugako ekimen zikloaren azken txanpan dira dagoeneko. Astebete barrurako prestatu duten ibilbide musikatuarekin amaituko dute tarte berezi hau.
Antolatzaileek dagoeneko hainbat xehetasunen berri aurreratu dute, albiste honi atxikia duzuen kartelaren bidez. Ibilbidea urtemuga honen eta Zumarteren lau hamarkadako historiaren erakusleiho argia izango da. Zortzi geltoki izango ditu. Geltoki bakoitzean musika taldeko abesbatzek edota instrumentu taldeek parte hartuko dute baita zenbait azalpen jasotzekoa ere. Pare bat orduko iraupena izango du kalejira girotuak.
Aldez aurretik, ordea, beste ekintza bat programatua du Zumartek hurrengo ostegunerako:
Zumartek 40 urte
Ekainak 12, osteguna
18:30 Kantu modernoko ikasleen kontzertua Sutegin.
Ekainak 14, larunbata
11:00-13:00 40. urtemugako ibilbide musikatua udaletxe atzetik. Kalejira eta gune desberdinetan emanaldiak: Potxoenea, Artzabal, Sagardoaren Plaza, Kale Nagusia 10 pasabidea, Olanoenea eta Zumarte.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.