GAO

Herri-bideen erabilerari lotutako udal ordenantza behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 9a, 08:48

Maiatzaren 8an behin betiko onartutako hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal ordenantzaren erabakia argitaratu du Usurbilgo Udalak, astelehen honetako, ekainaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal ordenantzari hasierako onespena eman zion udalbatzak urtarrilaren 28ko osoko bilkuran. 2001etik indarrean zen araudia eguneratzeari bide eman zioten modu horretan. Izan ere, ordenantza honen oinarri ziren hainbat lege iraungita daude eta herriko zirkulazioan eta segurtasunean urteotan hainbat aldaketa ere izan da. Horregatik, araudi horretan,  merkataritza guneetako aparkaleku urdinetan aparkalekuak mugatzea edota oinezkoak lehenetsiko dituen eremuak arautzea proposatzen du; tartean da, Kalezarko Belmonte kalea oinezkotzeko egitasmoa.

Gerora, 30 eguneko alegazio epealdia finkatu zuen Udalak martxoaren 31ra arte. Tarte horretan, bi alegazio aurkeztu zituen "Plataforma Estatal del Karavaning" elkarteak. Haietako bat onartzea erabaki zuen udalbatzak maiatzaren 8an eginiko osoko bilkuran; horregatik, aurrerantzean, "autokarabanak bide publikoetan aparkatu  ahal izango dira, 3.500 kg-tik beherako pisu edo masa baimendua badute, baina, akanpatzeko ezingo dira erabili".

Bigarren alegazioak auto karabana autotik askatu eta aparkatzea baimentzea eskatzen zuen baina alegazio hau ez onartzea erabaki zuten duela hilabeteko osoko bilkuran. Modu honetan, araudi honi behin betiko onespena eman zion udalbatzak aho batez duela hilabete.

Behin betiko erabaki hori argitaratu du Usurbilgo Udalak, astelehen honetako, ekainaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.