Hizkuntza ohituretan eragitea zuen xede, euskararen erabilera areagotzea. Ehunka norbanako eta hamarnaka entitate aritu ziren aurrez hartutako konpromisoa gauzatzen Usurbilen eta are gehiago, noski, Euskal Herri luze zabalean, maiatzaren 15etik 25era eginiko laugarren Euskaraldian. Izan ere, hamaika egun iraun zuen ariketa kolektiboak.
Buruhandiak, Kantu Taldea edota Zumarteko trikitilariak bildutako herri kalejira jendetsu batekin eta Euskal Herriko gainerako udalerrietan plazaraturiko manifestua irakurriz ekin zitzaion Usurbilen laugarren Euskaraldiari. Amaiera musikatua izan zuen eta une horretan, lehen behin-behineko parte hartze datuak eskaini zituen ekimena hilabeteotan dinamizatzen aritutako herritarren batzordeak. Egunotan, zenbakiok zehaztu dituzte, segidan dituzue.
"Herritar gehiagok parte hartu du"
Guztira, gutxienez 852 norbanakoen parte hartzea sustatu du Euskaraldiak Usurbilen. "Aurreko edizioetan izena emandakoak baino gutxiago dira horiek, baina jakin badakigu, izenik eman gabe ere, herritar gehiagok parte hartu duela hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketan; izan ere, izan dira aurreko edizioko txapa erabili dutenak edota berriro izen ematea beharrezko iruditu ez zaien herritarrak. Beraz, datuek esaten dutena baino jende gehiago dago Usurbilen ere euskararen erabileran jauzi bat emateko gogoz".
Norbanakoez gain, askotariko 33 entitateek ere bat egin dute Euskaraldiaren laugarren edizioarekin, aurreko edizioan baino hiru entitate gehiagok herri batzordeak helarazitako datuen arabera. Aipatzekoa ere, Hikaldiak izandako atxikimendu maila udalerri honetan eta baita bere parte hartzaileen profila. Erdia baino gehiago emakumeak izan dira, segidan dituzuen Euskaraldiaren datu orokorrek islatzen duten moduan.
4. Euskaraldia Usurbilen: parte hartzea
Guztira: 852 herritar (527 emakume, %61,9) eta 33 entitate.
Norbanakoak: 753 ahobizi (%88,3 inguru) eta 109 belarriprest (%11,7). Euskaraldiko parte hartzaileen erdiak, 498 herritarrek (%58,4) bat egin dute Hikaldiarekin (erdia emakumezkoak, 263, %52,8a). Adin tarteka: 30 urtez azpikoak 204 herritar (%24), 60 urtez gorakoak 117 herritar (%13,7), 30-60 urte arteko herritarrak 531 (%62,3).
Parte hartu duten entitateak (33 guztira):
-Aginagako herri eskola.
-Alkartasuna kooperatiba.
-Ane ile-apaindegia.
-Arrospide Banaketak.
-Artzabal jatetxea.
-Booktegi kultur elkartea.
-Usurbilgo Lanbide Heziketa.
-Elhuyar.
-Esnaola janari-denda.
-Hurbilago merkatari eta ostalarien elkartea.
-Ikaslan Gipuzkoa.
-Intza ile-apaindegia.
-Iratze natur denda.
-Kirolean Aholkulab Kooperatiba.
-Laneki elkartea.
-Laurok liburu-denda.
-Lizardi liburu-denda.
-Lurda mertzeria.
-Matia.
-NOAUA! Kultur Elkartea.
-Oinutsik podologia zentroa.
-Orbeldi Dantza Taldea.
-Otar Goxo.
-Santuenea Kultur Elkartea.
-Ta Puntu kooperatiba.
-Txapeldun ardangela.
-Txirristra taberna.
-Udarregi ikastola.
-Urbil.
-Usurbil optika.
-Usurbilgo osasun zentroa.
-Usurbilgo Udala.
-Zumarte Musika Eskola.
Iturria: Euskaraldia Usurbil, herritarren batzordea.