Hitzorduak batu ditu Udalarekin batera, Usurbilgo mugimendu feminista, gazte mugimendua, herri nahiz auzoetako jai batzordeetako ordezkariak edota Sagardo Egunaren Lagunak taldeko antolakuntza. "Azken hilabeteotan, elkarlanean aritu gara jai eta aisialdi guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa eguneratzen. Protokolo hau, beraz, Udalarena ez ezik prozesuan parte hartu duten guztiena da".
Haiek guztiek aipatu dutenez, "protokoloak berritasunak ditu eta gure ustez, orain arte geneukana hobetzen goaz, bai sentsibilizazio eta prebentzioari begira, zein kasuak gertatzen direnean erantzunei begira".
Erakunde arteko protokoloa abiapuntu
Eguneratze lan honi, aipatu moduan, iazko udazkenean ekin zioten. "Udala indarkeria matxistaren aurrean jarduteko erakunde arteko protokoloa eguneratzen hasi zen, Sortzen aholkularitza zerbitzuarekin batera. Hori horrela, jai eta aisialdi guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa eguneratzeko une egokia zela baloratu genuen".
Izan ere, "jai eta aisialdi guneak, sarri, segurtasun gabeko inguruneak izaten dira emakumeentzat eta LGTBIQA+ pertsonentzat. Haien identitateagatik edota sexu orientazioagatik, mota horietako guneetan indarkeria matxista presente egon ohi da, bereziki gauean".
Errealitatea halakoa izanik, eta "identitate, adierazpen, adin, jatorri, gorputz edo sexu orientazioa edozein delarik" pertsona orok "askatasunez eta segurtasunez gozatzeko duten eskubidea" bermatzea beharrezkotzat ikusita, "aritu gara eragile guztiok elkarlanean protokolo hau osatzen".
"Indarkeria matxistari erantzun kolektiboa da"
Lankidetza horren garrantzia nabarmendu dute. "Indarkeria matxista denon arazoa da eta, beraz, horri aurre egiteko ardura ere halaxe da. Protokolo honen helburu nagusia da, baldintza eraginkorrak sortzen laguntzea, jaietan eta aisialdi guneetan gertatzen diren eraso matxisten aurrean jarduteko modua hobetzea baita erasoak prebenitzea ere".
Laburbildu nahi izan dutenez, "indarkeria matxistari erantzun kolektiboa da, funtsean, bilatzen duguna. Protokoloak hainbat atal ditu; indarkeria mota desberdinen definizioa, prebentzioan eta sentsibilizazioan egin daitezkeen lanketak, eskuhartzeko jarraibideak, nola eskuhartu egoera bat edo beste denean, erantzun publikoa eta kasuak gertatzen direnerako baliabideak".
Dokumentu irekia
Osaketa lan horretan bildutako edukia "gauzatzea ere denon ardura izango da" gogorarazi dute aipatu eragile guztiok; "alegia, denon gain dago prebentzio eta sentsibilizazio lana egitea eta kasuak gertatzen direnean erantzun egoki bat ematea".
Horretarako, "udalak baliabideak eta euskarriak jartzeaz gain, festa edo jaiegun bereziak antolatzeko eskaerak jasotzen dituenean protokoloa helaraziko die guztiei, eurek ere ezagutu eta aplikatu dezaten".
Dokumentu hau irekia dela ohartarazi dute. "Indarkeria matxista ulertzeko eta horri aurre egiteko moduetan aldaketak egongo dira, hobetu beharrekoa ere bai eta, beraz, garrantzisua izango da protokoloa ere aldaketa horietara egokitzea".