Euskaraldia 2025

Euskaraldiko bizipenak partekatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 10a, 11:36

Laugarren Euskaraldian zehar bizitakoa partekatzeko deia egin du ekimen hori hilabeteotan Usurbilen dinamizatzen aritu den herritarren batzordeak.

Milaka herritarrek nork bere konpromiso maila zehaztu, izena eman, txapa paparrean jantzi eta hizkuntza ohituretan eragitea xede zuen Euskaraldian parte hartu zuen maiatzaren 15etik 25era. Haietatik ehunka izan ziren Usurbilen baita ekimenarekin bat egin zutenak. Hamaika egun haietan bizitakoa partekatzeko deia egin du, euskararen erabilera areagotzea helburu zuen ekimena udalerri honetan dinamizatzen aritutako herritarren batzordeak. "Balorazio osatuago bat egiteko, Euskaraldian parte hartu duten usurbildarrei dei egiten diegu bere bizipenak gurekin partekatzera", egin dute gonbita.

Bizitakoaren berri emateko bide hau balia dezakezue; usurbil@euskaraldia.eus helbidea edo baita Euskaraldiaren webgune orokorra ere; euskaraldia.eus/bizipenak/ . Atari horretan sartuta idatzi ditzakezue zuen bizipenak. "Belarriprest nahiz Ahobizi, baduzu zer kontatua!", gogorarazi dute.

Bizipenak partekatu ostean, hamaika egun horietan egindako ahaleginari segida emateko deia egin du aipatu herri bilguneak. "Hizkuntza-ohiturak ez dira gauetik goizera aldatzen. Euskaraldia arnas luzeko ekimena da. Dena den, aurrera begira, Euskaraldiko 11 egunetan praktikan jarritako hainbat jokamolderi eusten jarraitzea nahi genuke: lehen hitza euskaraz egiten jarraitzeari, esaterako, eta, solaskideak euskara ulertzen badu, euskaraz hitz egiten jarraitzeko saiakera egiteari, elkarrizketa elebiduna izan badaiteke ere. Eutsi horri, Usurbil!".