Euskaraldiko prestaketak bideratu, herriratu eta ekimena Usurbilen dinamizatzen aritu den herritarren batzordeak lehen balorazioa egin zuen ariketa kolektiboak iraundako hamaika egunen amaieran, iragan maiatzaren 25ean. Balorazio zehatzagoa helarazi dute orain. "Laburbilduz, euskararen erabilera erdigunean jarri dugu berriz ere. 11 egun horien bueltan hedabideetan, ikastetxeetan, lantoki eta erakundeetan, lagunartean, euskararen inguruan hitz egin da, eta erabileran eragin beharra azpimarratu da. Usurbilen ere nabaritu da hori", nabarmendu dute.
Helburu bikoitza
Laugarren edizio honi begira, bi helburu finkatuak zituen iazko udazkenean osatu zen herri bilguneak. "Alde batetik, Euskaraldiaren ariketari presentzia eman nahi genion, giroa sortu, kaleak astindu; eta, beste alde batetik, erraztasunak eskaini nahi genizkien herritarrei, ekimenean parte har zezatzen eta ohiturak aldatzeko urratsak eman zitzaten".
Girotze lanari dagokionean, gogorarazi dutenez, "udalerriko txoko desberdinak koloreztatu ditugu, izan pankarten bidez (Kaxkoan, Kalezarren, Santuenean...), izan muralen bidez (Zubietan eta Aginagan, esaterako), herrietako eta auzoetako eragileen laguntzarekin. Gainera, ariketa udaberrian egitearekin batera, ekimenak antolatzeko aldartean eta giroan onura ekarri duelakoan gaude. Euskaraldiaren hasiera- eta amaiera-eguneko ekitaldiak jendetsuak izan ziren Usurbilen".
Herritarrek Euskaraldian parte hartzea errazten ahalegin ziren "izena emateko mahaien bidez, txapa eskuratzeko aukerak zabalduz, entitateei gonbidapenak eta informazioa luzatuz beren kideei ekimenean parte har dezaten... Hori gutxi baliz, herritarrak Hikaldian izen ematera ere animatu ditugu. Modu horretan, hika praktikatzeko erronka ere udalerrian zabaltzea lortu dugu, eta, horrela, euskal hiztun-mota guztiei luzatu diegu ohiturak aldatzeko gonbidapena. Usurbilgo Hamaikakoa ere biografia linguistiko anitzetako herrikideez osatu genuen".
Entitateak eta ikastetxeak ere bidelagun
Bidelaguntza honetara batu dira baita ikastetxeak ere. Haien lanketa nabarmendu dute herritarren batzordetik. "Nabarmentzekoa da, halaber, herriko ikastetxeek egin duten lanketa gaztetxoak ere xaxatzaile izan zitezen Euskaraldian, izan unitate didaktikoen bidez edo izan antolatutako ekimen bereziekin (bingo musikatuak, karaokeak, koreografia emankizunak...). Aupa zuek!".
33 izan dira Usurbilen Euskaraldiarekin bat egin duten entitateak. Haietako askok ere "ekintza desberdinak antolatu ditu 11 egun hauetan, ariketa girotze aldera eta entitateko kideei ohituren aldaketarako aholkuak emate aldera (TaPuntu, Elhuyar, Matia-Egurtzegi, ...). Besteak beste, izena eman duten entitateetako kideen argazki-bilduma ederra partekatu dugu Usurbilgo Euskaraldiaren sare sozialetan nahiz Noaua!ren bidez".
Batzordea, motore
Halere, hau dena plazaratzea ez litzateke posible izango, herritarren batzorderik osatu izan ez balitz. "Iaz, udazkenean, ekin genion euskararen erabilera aktibatzeko ekimen hau antolatzeari Usurbilen. 10 lagun inguruko batzordea bildu gara aurten, euskara ulertzen duten hiztunak astintzeko eta hizkuntza-ohiturak alda ditzaten ariketa sustatzeko", berri eman dute aipatu bilgunetik.
Uztartze bat baino gehiago eman da batzordearen baitan. Izan ere, "batzordeko kide izan dira herriko euskalgintzako hainbat eragile, baina baita euskaltzale diren herritarrak ere. Kide beteranoak izan ditugu, baina baita aurpegi berriak ere. Horrek freskotasuna ekarri dio taldeari, eta ariketa antolatzeko indarberritu gaitu. Halaber, kide berriak batu izanak ageriko uzten du euskararen erabileran eragiten jarraitzeko beharra edo garrantzia".