Abisu hori bikoitza egunotan beroagatik eta euriagatik

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 10a, 08:53

Abisu horian izango gara egunotan euriagatik eta beroagatik.

Abisu hori bikoitza izango da indarrean egunotan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Izan ere, "muturreko tenperatura oso altuak" edota "prezipitazio handia" tarteko, kolore horretako abisu bikoitza aktibatu dute astearte eta asteazken honetarako, ekainaren 10erako eta 11rako hurrenez hurren.

Astearte honetarako, hilaren 10erako eta geure inguruari dagokionean, prezipitazio handia tarteko aktibatu du abisu horia arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. Euskalmet-ek ohartarazi duenez, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki mendebaldean. Zaparradekin batera txingorra (2-4 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-90 km/h)".

Prezipitazio handiagatik abisu horian jarraituko dugu asteazkenean, hilaren 11n, arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte. Aipatu meteorologia agentziaren arabera, berriz ere "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra (2-4 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (70-100 km/h)".

Aurretik, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko, abisu horian egongo gara asteazken eguerdiko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte. "Tenperatura maximoak 32 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean eta 33 ºC ingurukoak Kantauri barnealdean. Goizaldean tenperatura baliteke 19 ºC-tik ez jaistea kostaldean, 18 ºC-tik Kantauri barnealdean".

Gero, "eguerdi inguruan haizeak hego-osagaitik iparraldera egingo du. Arratsaldean ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta tenperatura jaitsaraziko du".

Iragarpena
Baldintza hauekin, astearte honetarako, hilaren 10erako, honako iragarpena plazaratu du Euskalmet-ek Usurbilerako. "Hauts-gandua ager daiteke. Eguzkitsu egongo da, goi-hodeiekin eta goizean goiz behe-hodei batzuekin. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean ipar-ekialdera ahul egingo du, tarte biziekin. Tenperatura nahikoa igoko da".

Asteazkenean ere "hauts-gandua ager daiteke. Zerua tarteka hodeitsu egongo da eta arratsaldetik aurrera bero-hodeiekin. Egunaren bigarren partean zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; eguerdi inguruan indarra galduko du eta mendebal/ipar-mendebaldera egingo du. Arratsaldean indartu egingo da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoak notable igoko dira".

Ostegunean, "zerua hodei gutxirekin egongo da, behe-hodei batzuekin goizaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, ipar-osagaia nagusi izanik egunaren erdialdeko orduetan. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.