Horietako bat, albiste honi atxikitako kartela duzue. "Eraso matxista baten lekuko bazara, entzun, ez epaitu, babestu", aldarria daramana.
"Udalak eta eragileok ez ezik, uste dugu herritarrek orohar oinarrizko jarraibide batzuk ezagutzea ere beharrezkoa dela eta hala adierazi dugu karteletan ere", berri eman dute egitasmo honen sustatzaileek.
Indarkeria matxistarik gabeko gunea
Badatozen uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren Usurbilgo jaiei begira eskainiko dituzten baliabideen informazioa jasoa du kartelak. Aurreko urteen ildotik, jaien egunik jendetsuenetan, aurten, hilaren 4an eta 5ean, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du Udalak Emagin elkartearen bidez. Zerbitzu bikoitza eskainiko dute; batetik, bai uztailaren 4an eta 5ean, informazio gunea ezarriko dute 21:00-00:00 artean Mikel Laboa plazan eta segidan, arreta puntua egokituko dute Gaztelekuan gauerditik goizaldeko 6:00ak arte.
Indarkeria matxistarik gabeko guneak protokolo horren berritasunak dira. "Jai edo aisialdi gunetik aparte eta aldi berean eskura dauden lekuak, biktimak seguru senti daitezkeen guneak. Shock egoera gelditzen hasteko aukera emango dio biktimari, gertatu zaiona kontatzeko modua emateko ezinbestekoa izango da", azaldu dute protokoloaren sustatzaileek.
Leku seguruak eta formakuntza
Usurbilgo herri eta auzoetako festa bakoitzean egokituko dituzte leku seguruak. Usurbilgo jaiei lotutako zehaztasunak eman dituzte, gainerakoen berri helarazten joango dira.
Horrez gain, formakuntza saio bat jasotzekoak dira protokoloa landu duten eragileak, jaietako antolatzaileak edota ostalariak. "Eragileok konpromisoa hartzen dugu festak hasi aurretik taldekide guztiek protokoloa ezagut dezaten, eta jakin dezaten halako erasoren bat gertatzen bada zer egin behar den", jakinarazi dute.