Gaurko ere abisu hori bikoitza

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 11a, 08:23

Beroagatik eta euriagatik abisu horian izango gara asteazken honetan ere.

Asteartean baino bero gehiago egin dezake datozen orduotan, Euskalmet meteorologia agentziatik ohartarazi dutenez, eta, gero, ekaitza leher daiteke. Ondorioz, abisu hori bikoitza jarri dute indarrean "muturreko tenperatura oso altuak" eta "prezipitazio handia" tarteko.

Hasteko, asteazken eguerdiko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte tenperatura oso altuengatik abisu horian izango gara. "Tenperatura maximoak 32 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean eta 33 ºC ingurukoak Kantauri barnealdean", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

Gerora, "eguerdi inguruan haizeak hego-osagaitik iparraldera egingo du. Arratsaldean ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta tenperatura jaitsaraziko du". Arratsaldetik aurrera hain zuzen, 15:00etan hasi eta gauerdira arte prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra (2-4 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (70-100 km/h)", meteorologia agentzitik aurreikusi dutenez.

Iragarpena
Honenbestez, asteazken honetan, ekainaren 11n, Usurbilen, atzo bezala, gaur ere "hauts-gandua ager daiteke. Zerua tarteka hodeitsu egongo da eta arratsaldetik aurrera bero-hodeiekin. Egunaren bigarren partean zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; eguerdi inguruan indarra galduko du eta mendebal/ipar-mendebaldera egingo du. Arratsaldean indartu egingo da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoak notable igoko dira".

Ostegunean, hilaren 12an, "zerua hodei gutxirekin egongo da, behe-hodei batzuekin goizaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, ipar-osagaia nagusi izanik egunaren erdialdeko orduetan. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Ostiralean, "goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Egunaren bigarren partean bero-hodeiak ugarituko dira. Egunaren bigarren partean zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Eguerdi inguruan haizeak ipar-mendebaldera. Tenperaturan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.