Donostiako suhiltzaileak bi eguneko itxialdia hasi dute gaur goizean parkean. Pertsonal falta dutela salatu dute, eta Donostiako udalari hainbatetan suhiltzaile gehiago kontratatzeko eskatu diote. Erantzunik jaso ez dutenez, eta Donostiako udalaren "pasibotasuna" ikusita, bi eguneko itxialdia egitea erabaki dute.
Donostiako suhiltzaileak, Donostiaz gain, Usurbilgo, Lasarte-Oriako, Urnietako, Hernaniko, Astigarragako eta Pasai Antxoko ezbeharretara joaten dira.
Hori horrela izanik, egunen batean bi ezbehar eman izan direnean, ezin izan dute bietara joan langile faltarengatik. Izan ere, haien protokoloak geroz eta zorrotzagoak dira, eta hain langile gutxirekin ezin dituzte protokolo horiek bete.
Gaur goizean, adibidez, irteera bat izan dute, eta parkean lau suhiltzaile besterik ez dira geratu. Momentu berean beste ezbehar bat eman izan balitz, protokoloak hautsiz lan egin beharko zuten.
Gainera, beharrezkoak diren beste hainbat ekintzetan (kontzertuak, kirol ekitaldiak...) lanean ez dauden suhiltzaileak joaten dira, ordu estrak eginez, protokoloak bete behar direlako. Datozen bi egunetan ordu estra horiek ez dituztela egingo azaldu dute.
Gaur elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxearen aurrean.
Ostiralean Irutxuloko Hitzan emandako elkarrizketan haien egoeraren berri ematen dute.