Udal dirulaguntzak euskara ikasten aritu nahiz aisialdiko begirale edo zuzendari izateko trebatzen aritu direnentzat

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 12a, 09:22

Amaitzear dugun 2024-25 ikasturte honetan, euskara ikasten aritu izan edota aisialdiko begirale edo zuzendari izateko trebakuntza saioren bat egin dutenek Usurbilgo Udalaren dirulaguntza deialdietara eskabideak aurkeztu ahalko dituzte.

Dirulaguntza deialdi gehienak urte hasieran plazaratu zituen Usurbilgo Udalak, baina ohi denez, bi lerrootara eskabideak aurkezteko aukera eskaintzen du urte garai honetan. Izan ere, amaitzear den 2024-25 ikasturte honetan euskara ikasten aritu direnek edota aisialdiko begirale nahiz zuzendari gisa aritzeko trebakuntza saioetan parte hartu dutenei zuzenduriko dirulaguntza deialdien oinarriak plazaratu ditu Udalak, ostegun honetako, ekainaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

2024-25 ikasturtean euskara ikasten aritu direnentzako dirulaguntza deialdia
Xedea: 2024-2025 ikasturtean helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak ematea.
Baldintzak:
-16 urtetik gora izatea.
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea (euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).
Diruz lagunduko diren ikastaroak: HABEk homologatutako ikastaroak eta homologatu gabekoak.
Emango den laguntza: herritar guztiek matrikula kostuaren %100 jasoko dute (600 euroko muga) aurrez aipaturiko baldintzak betetzen dituztenek.
Eskabideak egiteko epealdia: ekainak 23-uztailak 4 (bi egunok barne).
Eskabideak aurkezteko modua: aurrez aurrez udaletxean edo telematikoki usurbil.eus bidez.
Informazio gehiago: ekainaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

2024-25 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako dirulaguntza deialdia
Xedea: 2024-2025 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duen usurbildar orori dirulaguntzak ematea.
Baldintzak:
-16 urtetik gora izatea.
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea. Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea. Araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza.
-Herritar batek ikastaroak irauten duen bitartean ematen badu erroldan alta edo baja, ikastaroak irauten duen bitartean erroldatuta egon den denboraren proportzio berean izendatuko zaio dirulaguntza.
Diruz lagunduko diren ikastaroak: 2024ko uztailetik 2025eko ekaina bitartean egindako ikastaroak lagunduko dira diruz. Ikastaroek Eusko Jaurlaritzaren homologazioa behar dute.
Emango den laguntza:
-Begirale ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
-Aipatutako portzentaje hau gutxitu egin daiteke aurkezten diren eskarien arabera.
Eskabideak aurkezteko modua: aurrez aurrez udaletxean edo telematikoki usurbil.eus bidez.
Eskabideak egiteko epealdia: ekainak 23-uztailak 4 (bi egunok barne).
Informazio gehiago: ekainaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.



Eska daitezkeen beste dirulaguntzak

Lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiarazteko dirulaguntzak
Xedea: hasierako gastuak eta alokairu edo erosketa gastuak.
Partida: 27.800 euro (11.000 euro hasiera gastuetarako eta 16.800 euro bi urteko alokairu edo erosketa gastuetarako).
Lehentasunezko egitasmoak: eskaintzen ez diren zerbitzuak, ixtera doazen edo itxi berrien jarraipenekoak.
Banatuko diren laguntzak: gehienez 5.500 euro proiektuko hasierako gastuetarako eta 8.400 euro (4.800 euro lehen urtean eta 3.600 euro bigarren urtean) alokairu edo erosketa gastuetarako.
Eskabideetarako epealdia: irailak 30.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Hasiz Hazi dirulaguntza deialdia
Xedea: 2025 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko. Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari.
Lehentasunezko baldintzak: Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua egotea, enpresa proiektu berri bat garatzen aritzea…
Partida: 4.500 euro.
Dirulaguntzaren zenbatekoa: gehienez 1.742,40 € urte osorako.
Dirulaguntzaren ordainketa: %80a dirulaguntzaren ebazpena jakinarazterakoan, gainerako %20a memoria eta agiriak aurkeztu ostean.
Eskabideetarako epealdia: irailak 30.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko dirulaguntzak
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (6.000 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak (5.000 euro).
Eskabideak aurkezteko epealdia: azaroak 12.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Eskabideak:
-Presentzialki udaletxeko erregistroan (Joxe Martin Sagardia plaza z/g).
-Telematikoki usurbil.eus atarian.